Aurrez aurre edota modu telematikoan egin daiteke aurten ere errenta aitorpena

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 26a, 00:00

Nafarroako zergadunek ekainaren 26ra arte dute errenta aitorpena egiteko aukera.

Gipuzkoarrek ekainaren 30era arte dute errenta aitorpena onartzeko edota aurkezteko epea; eta Nafarroako zergadunek, aldiz, ekainaren 26ra arte. Modu telematikoan ere egin daiteke 'Zergabidea' plataformaren bidez.

Urtero moduan, apiriletik aurrera zergadunek 2024ko ekitaldiari dagokion errenta aitorpena egin beharko dute. Gipuzkoarrek dagoeneko aukera dute eta ekainaren 30era bitartean aurkez dezakete, hiru modutara; online, aurrez aurre, edota modu mekanizatuan. Modu telematikoan Zergabidea plataformaren bidez egin daiteke. Era berean,  gipuzkoarrek autolikidazio-proposamena kontsultatu dezakete, eta, dagoeneko balioztatzeko edo behar diren aldaketak egiteko aukera dute, identifikazio elektronikoarekin (BAK, BAKQ edo antzekoren bat). Aurrez aurrekoari dagokionez, apirilaren 4ean ireki zen aurkezteko epea eta hitzordua eskatzeko aukera dago Ogasunak Gipuzkoan dituen bulegoetan; bailaratik gertuen daudenak Donostian daude (Errotaburu pasealekua 2; Secundino Esnaola 10; Antso Jakituna, 9). Modu mekanizaturako ere aldez aurretiko hitzordua behar da, eta dagoeneko irekita dago epea. Zergadunek dokumentazioa aurkeztuko dute Gipuzkoako errenta mekanizatuko zazpi bulegoetako batean, eta teknikariek autolikidazioa egiten lagunduko diete.

Nafarroako zergadunek ere iazko ekitaldiari dagokion errenta aitorpena egiteko epea ekainaren 26ra arte izango dute zabalik. Nafartarrek ere hiru modutara aurkez dezakete errenta aitorpena; batetik online, Errenta Nafarroa webgunean, identifikazio elektronikoa behar da (NAN digitala, egiaztagiri digitala,  Cl@ve edota Ogasunak emandako pasahitza sartuta); bestetik, telefono deiez, aldez aurretik hitzordua hartu behar da eta dokumentazioa bildu. Ogasuneko teknikariak aukeratutako datan eta ordutegian deituko du zergaduna eta aitorpena egingo dio; eta azkenik, aurrez aurre, Ogasun Departamentuak Iruñean, Tuteran, Lizarran, Tafallan eta Donezteben dituen bulegoetan. Aldez aurretiko hitzordua behar da (webgune bidez edo telefonoz). Finantza entitate kolaboratzaileen bidez ere egin daiteke.

 

Doberako bazkideek eta Kronikakideek kenkaria

Dobera Euskara Elkarteko bazkide edota Kronikakide direnek kenkaria izango dute Gipuzkoako Ogasunean, lehentasunezko jarduera izanik. Hori horrela, bazkidetza kuotaren %30a bueltatuko diete, aitorpena egitean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!