Afizionatu mailako Grabni Torneo ospetsuko finalerdiak jokatuko dira gaur modalitate ezberdinetan eta bailarako pelotariak lau finalerditan ordezkatuko dute Gipuzkoa. Denak ere trinketean jokatuko dute Iruran, 15:00etan hasiko den jaialdian.
Gizonezko nagusien mailan eta banakako txapelketan Xabier Barandiaran astigartarrak Errioxako ordezkariaren aurka jokatuko du. Marin da ordezkari errioxarra eta ligaxkako azken partiduan elkarren aurka aritu ziren. Orduan errioxarrak lortu zuen garaipena 40-24. Nafarroako ordezkaria zuzenean sartu zen finalera ligaxka irabazi ondoren.
Banaka, baina 22 urtez azpikoetan Jon Jara hernaniarrak, Nafarroako Eguzkiza izango du aurkari. Gipuzkoarra da faborito ligaxkako lehenengo jardunaldian 40-6 irabazi baitzuen. Finalerako Bizkaiako ordezkaria sailkatuta dago eta bera da faboritoa.
Binaka nagusietan Oier Gurutzealde astigartarrak eta Taberna errenteriarrak elkarrekin Gipuzkoa ordezkatuko dute Nafarroaren aurka. Hemen ere faborito dira Bizkaiaren aurka finalera sailkatzeko.
Azkenik, binaka eta 22 urtez azpikoetan Unax Manterola hernaniarrak Aranburu edo Sorondorekin osatzen du bikotea. Finalerdian Bizkaiako bikotea izango dute arerio. Ligaxkan 40-33 nagusitu ziren gipuzkoarrak eta beraz, finalerdi parekatua espero da. Nafarroa zuzenean sailkatu da finalera.
Eñaut Lizeaga eta BeñatApezetxea finalean daude
Ligaxkan lehenengo postuan geratzen den bikotea edo pelotaria zuzenean sailkatzen da finalera. Hori da Eñaut Lizeagaren kasua.
Astigartarrak jokatutako lau partiduak irabazi zituen eta Gipuzkoa datorren maiatzaren 4ko finalerako sailkatuta dago, frontoi osoan, 22 urtez azpikoen mailan. Aurkaria Bizkaiaren eta Nafarroaren arteko finalerdiko partidutik aterako da.
Kasu berean aurkitzen da Beñat Apezetxea goizuetarra, baina Nafarroa ordezkatuz binakako txapelketan. 22 urtez azpikoetan Santesteban edo Sotil izan ditu bidelagun.