Nola doa Euskaraldiko prestakuntza?
Xabier Ezponda: Uste baino gertuago daukagu Euskaraldia eta esango nuke prestakuntza txukun doala. Aurten Doberako lantaldeari, herri batzarra ere gehitu zaio eta antolakuntza eta eragile hauen parte hartzea modu natural eta organikoagoan eman da. Orain, azken orrazkerak ematen gaude, postuei, hamaikakoari eta egitarauari azken pintzeladak ematen.
Ganix Urdangarin: Oraingoz ondo, Euskaraldia bertan dugu eta gu ere buru-belarri lanean gabiltza. Hainbat ekintza ditugu aurreikusita eta horiek prestatzen ari gara gehienbat. Aurtengo Euskaraldia borobila izango da, aberatsa.
Nolakoa izaten ari da jendearen erantzuna?
X.E: Jendeak eskuzabalik hartzen du Euskaraldia. Banako ugarik eman dute izena, galdera eta proposamen ugari jaso ditugu, jendea gogoz dago Euskaraldia heltzeko… nolabait mugitu du zerbait jendearengan ekimenak. Aurten, gainera, eragile eta entitateek ere pisu potoloa izan dute, bereziki, Euskaraldiaren antolakuntzari begira. Doberako lankideak herriko hamaika eragilerekin bildu gara eta erantzun baikorrak jaso ditugu. Herri batzar sendoa osatu da eta jendea parte hartzeko irrikitan azaldu zaigu. Eragileen eta herritarren parte hartzea guztiz beharrezkoa izan da aurtengo Euskaraldiak hartu duen tamaina eta kolorea lortzeko.
G.U: Batzordea ongi ari da lanean, baina egia da izen emate handiagoa espero genuela. Hala ere, oraindik ere denbora dugu azken bultzada bat emateko. Denera 460 pertsonek eman dute izena: %88ak ahobizin eman du izena, apuntatu diren %66a emakumeak dira, eta %36ak eman du izena Euskaraldia Hikan.
Hain zuzen, Euskaraldia hikaz egiteko aukera izan da aurtengo berrikuntzetako bat, arrakasta edukitzen ari dela esango zenukete?
G.U: Baietz esango nuke, jendeak badu hikan aritzeko gogoa, eta guztira 160 astigartarrek inguruk eman dute izena hika modeloan. Bestalde, gogoratu nahiko nuke H pegatina eramateak zer esan nahi duen: «Nahi baduzu, nirekin hika egin dezakezu».
X.E: Hernanin ere harrera polita izan du. Euskaraldiaren ariketari bigarren begirada eskaini eta Hikaz aritzeko eta ikasteko guneak eta aukerak sortu nahi izan dira. Hikan aritzeko hautua egin dutenek ez dute ahobizi edota belarriprest ezberdindu beharrik. Izan ere, hikan aritzeko kasuan, mezua izango da 'nirekin hikaz egin dezakezu'.
Hernanin eta Astigarragan euskeraren egoera nolakoa dela esango zenukete?
X.E: Euskera, oro har, egoera zaurgarrian dagoela esango nuke. Hizkuntza batek beharko lituzken eskubide asko bermatzeke daude oraindik, eta dituen eskubide gutxi horiek zalantzan jartzen dira uneoro. Gure ustean, giltza herriak du, euskaldunon jarreran, erabakietan eta ekintzetan ikusten da euskararen etorkizuna. Euskarak badu hizkuntzatik eta badu nortasunetik, eta uneoro bultzako dugu jendea euskaraz egitera eta ikastera. Euskara elkarte bezala, gure lana da, aurreiritziak ahaztu, inor ez epaitu eta bidelagun izatea.
G.U: Hori da. Jendeak euskaraz jakin badakiela esango nuke, baina egunerokoan gutxik egiten dute. Arazoa erabileran dagoela azpimarratu nahiko nuke.
Beraz, Euskaraldiak zertarako balio dezake?
G.U: Euskaraldiak hizkuntza ohiturak aldatzen lagunduko du. Esan bezala, arazoa erabileran dago, eta elkar mugituz, ohiturak aldatu eta erabilerari buelta emango diogu.
X.E: Euskaraldiak erronka bat planteatzen du, ariketa bat. Helburu zehatz batekin akaso errazago betetzen delako ohitura aldaketa. Euskaraldiak denona beharko luke, herritar orok sentitu beharko luke Euskaraldian ekarpena egin dezakeela, rola dena delakoa izanda.
Aurten ere, Doberak dinamizatzen du Hernanin Euskaraldia. Zer ikasi duzue beste edizioetatik?
X.E: Aurtengo berrikuntza herri batzarraren sorrera da. Doberatik zenbait alor dinamizatzen jarraitzen dugu, baina osotasunean, erabakiak batzarraren esku utzi ditugu. Euskaraldiak herriarena behar luke eta hori bermatzeko erabakiak borobilean hartzea garrantzitsua da. Ekarpen oro entzun eta taldean erabaki. Jendearen inplikazioa haundiagoa da eta eskaintza aberatsagoa lortzen da. Bakoitzak duen eta dakien horretatik eman du eta azkenean egitarau borobila geratu da.
Astigarragako arduraduna zara Ganix, zein da erronka nagusia zure herrian?
G.U: Erronka nagusia Astigartarrak ekimenera erakartzea da. Behin ekimenean parte hartuta, errazagoa izango delako hizkuntza ohituretan eragitea. Gure helburu nagusia euskara dakitenak xaxatu eta ohiturak aldatzen laguntzea da. Horrez gain, euskara ulertzen dutenei ere bere tokia eman nahi diegu.
Batzordeak sortu dituzue bi herrietan, Euskaraldirako soilik edo urte osoan mantentzeko helburuarekin?
Euskaraldiak 11 eguneko iraupena soilik du, baina euskararekiko jarrera epe luzekoa beharko luke. Elkartetik, batzarra mantentzeko saiakera egingo dugu, elkarkidetza urte osorako luzatu. Izan dadila Euskaraldia aitzakia begirada eta jarrera egonkor baterako.
Zertan dabil batzordea?
G.U: Gure kasuan, batzordea bikain dabil lanean. Hilean behin biltzen gara eta 15-20 bat lagun elkartzen gara.
X.E: Gu ere bi astean behin biltzen gara gutxi gorabehera. Bertan elkarbanatzen ditugu antolaketaren aurrerapenak, komunikazio kanpainan ze puntutan gauden… Bertan sortzen da ekarpenak egiteko tokia, batzarrean borobiltzen dira eta eramaten dira aurrera. Baliabideak elkarbanatzen ditugu eta emaitza politak atera ohi dira bertatik.