Ekain Lizeaga astigartarra Buruz Buruko txapelketatik kanporatu du Egigurenek

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 23a, 00:00

Ekain Lizeagak galdu egin zuen Egigurenen aurka.

22-19 galdu du final laurdenetako ligaxkako bigarren partidua Beotibarren eta aukerarik gabe geratu da finalerdietara sailkatzeko.

Ekain Lizeaga pelotari astigartarra promozioko Buruz Buruko Txapelketatik kanporatua izan da. Final laurdenetako ligaxkaren barruan bigarren partidua 22-19 galdu eta gero Egiguren V.aren aurka, azken partiduaren faltan, aukerarik gabe geratu da finalerdietara sailkatzeko. Tolosako Beotibar frontoian irabazi beste aukerarik ez zuen Ekain Lizeagak, bizirik jarraitzeko, baina ezin izan zuen Julen Egiguren gainditu. Joseba Aldabek ostiralean Joanes Bakaikoa menderatu zuen eta emaitza horrek irabaztera derrigortzen zuen Lizeaga.

Bakaikoaren aurka, ligaxkako lehenengo partiduan kolpe gogorra jaso ondoren (22-2), bigarren partiduan askoz ere lehiakorragoa izan zen pelotari astigartarra. Egiguren behin baino gehiagotan finalista izan da promozioko Buruz Burukoan eta Lau T'erdikoan eta Lizeagak estu hartu zuen. 

Partidua Egigurenek nagusitasunarekin hasi zuen eta 6-2 eta 12-3 aurreratu zen markagailuan. Hala ere, astigartarrak ez zuen etsi eta aurrerako bidea hartu zuen. Ausartago jokatu zuen dena galduta ikusi zuenean eta urduritasuna ere atzean utzi zuen. Pixkana-pixkana markagailuko desabantaila murrizten joan zen, jokoan nagusi zelarik. 12-3tik 18-16ra pasa zen eta partidua irabazteko aukerak bueltatu ziren. Hala ere, amaieran Egiguren azpeitiarrak erreakzionatu zuen eta 22-19 irabaztea lortu zuen. 

Ekain Lizeagak Aldaberen aurka itxiko du maiatzaren 1ean Buruz Burukoa jokoan ezer ere ez izan gabe. 

Iker Salaberria, De La Fuenteren kontra etzi Iurretan

B multzoan, Iker Salaberria goizuetarrak ere hil ala biziko partidua jokatuko du etzi, Aingeru de la Fuenteren aurka, 21:00etan hasita, Iurretan. Biek ala biek galdu zuten ligaxkako estreinako partidua. Gauzak horrela, irabazi beharra dauka Salaberriak Iurretan, txapelketan aurrera egin nahi badu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!