Laguntzak taxilariek, ibilgailuak egokitu eta irisgarri egin ditzaten

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 22a, 00:00

Ibilgailua egokitzeko gastuen % 80 lagunduko du Aldundiak diruz, 12.000 euroko mugarekin onuradun bakoitzeko.

 

Mugikortasun urriko pertsonentzat eskuragarri dauden taxi-zerbitzuen eskaera gero eta haundiagoari erantzun ahal izateko, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak deialdi bat egingo du taxiaren sektoreko langileek beren ibilgailuak egokitu ditzaten.

Hala iragarri du asteazken honetan Azahara Domínguez diputatuak, Jon Joseba Garro taxilariarekin batera Donostian emandako prentsaurreko batean. Taxilariak urte asko darama sektore honetan lanean, eta 2019an egokitu zuen bere ibilgailua.

Diputatuak azaldu duenez, laguntza horien helburua udalerrietako taxi-flota «pixkanaka egokitzen joatea da, pertsona guztiek, mugitzeko dituzten zailtasunak edo bestelako gorabeherak dituztenak, zerbitzu publiko hau eskura izan dezaten». Gaur egun, Gipuzkoan 50 taxi egokitu daude, eta beste hiru ibilgailu datozen asteetan sartuko dira.

Laguntzak ibilgailua egokitzeko gastuen % 80 lagunduko du diruz, onuradun bakoitzeko 12.000 euroko mugarekin.

Nolanahi ere, laguntza horiek bateragarriak izango dira beste administrazio publiko batzuek edo Estatuko edo nazioarteko erakunde publiko edo pribatuek emandako dirulaguntzekin, helburu bererako badira.

 

Eskaerak maiatzaren 13ra arte egin daitezke

Eskaerak aurkezteko epea pasa den astean hasi zen, eta datorren maiatzaren 13an amaituko da, 14:30ean. Eskabideak Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira (https://egoitza.gipuzkoa.eus).

«Gipuzkoako Foru Aldunditik lanean jarraituko dugu pertsona guztiek garraio publikoa erabiltzeko aukera izan dezaten, modalitatea edozein dela ere, eta taxiaren sektorearekin elkarlanean jarraituko dugu guztion artean, pertsona guztien benetako beharretara egokituko den eta herritar guztientzat irisgarria izango den zerbitzua eskaintzeko», nabarmendu du diputatuak.

Bestalde, Jon Joseba Garrok azaldu duenez, duela 30 urte hasi zen taxilari eta azkeneko 20 urteetan furgoneta egokituarekin egiten du lan. Bere ustez, ematen den zerbitzua «dezente hobetu da». «Lehen egokitzapenetatik bilakaera handia izan da, eta esan dezakegu gaur egun nahiko zerbitzu txukuna ematen dugula. Ahoz ahokoa asko ari da funtzionatzen, eta, egia esan, eskaria haundia da». 

Horregatik, profesionalak bere taxia egokitzeko pausoa ematera animatu ditu: «Sektoreko profesionalok laguntza hori eskertzen dugu, oso garrantzitsua baita gure ibilgailuak egokitu ahal izateko. Duela urte batzuk oso gutxi ginen, eta pixkanaka gero eta gehiago gara, eta gero eta zerbitzu hobea eskaintzen dugu; horregatik, lankide gehiagok taxiak egokitzea sustatu nahi dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!