Aurtengo Euskaraldia maiatzaren 15etik 25era bitarte egingo da, baina ospakizunaren aurretik lan ugari dago egiteko. Horretan ari dira Euskal Herri osoko euskera elkarteak, Euskaraldiko dinamizatzaileak eta baita herri batzordeak ere.
Urumea bailarako kasuan, Hernanin eta Astigarragan buru-belarri lanean dabiltza Dobera Euskara Elkartea, dinamizatzaileak eta herrietako batzordeak. Herria eta herritarrak Euskaraldirako prestatzen ari dira, eta giroa berotzeko ekintza sorta luzea antolatu dute Hernanin, maiatzaren 9tik 25era; eta Astigarragan maiatzaren 3tik 25era bitarte. Txapa banaketa egiteko postuak ere jarriko dituzte bi herrietan, eta horiek izango dira txapak eskuratzeko puntu bakarrak, apirilaren 26tik maiatzaren 10a bitarte.
Goizuetan ere badabiltza Euskaraldiari tiraka. Une honetan izenemateekin murgilduta daude buru-belarri, baina badituzte zenbait ekintza buruan. Esaterako, udal zerbitzuak, dendak edota tabernak ere hika eremu bilakatzeko lanetan dabiltza, eta hika-piropo lehiaketa ere jarri nahi dute martxan.
Dobera Euskara Elkarteak aditzera eman duenez, indartsu dator Euskaraldiaren aurtengo edizioa, eta gainera, baditu zenbait berrikuntza. Data aldaketaz gain, herri batzordeak sortu dira Euskal Herri osoan zehar, eta eragileekin ere harremanak estutu dira.
'Euskaraldia-Hika' egiteko aukera ere bada aurtengo beste berrikuntzetako bat. Hernanin, Astigarragan eta Goizuetan egin dute bat 'Euskaraldia-Hika' egitasmoarekin. Doberak dioenez, arrakasta haundia izan du Euskaraldia hikaz egitearen aukerak, bai gazteen artean, baita helduen artean ere.
Hernanin 1.000 izenematetik gora bildu dituzte dagoeneko, eta entitate askok eman dute izena aurtengo edizioan, bereziki herriko komertzio txikiek. Astigarragan, berriz, 400 lagun baino gehiago dira izena eman dutenak, eta 50 entitate inguruk egin dute bat dagoeneko Euskaraldiarekin.