Apirilean aurkeztu du 'Hizkuntza Eskubideen Egoera 2024' txostena, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Bertan bildu ditu joan den urtean Euskal Herrian hizkuntza eskubideekiko eman diren «gertakariak zein hutsuneak», arloz arlo aztertuta, Euskararen Telefonoan jasotakoak. Behatokiak nabarmendu du, jasotako kexa horiek «egunero euskeraz bizitzen saiatzerakoan herritarrek bizitako egoera eta oztopoen isla txiki bat» baino ez direla, eta horregatik, deia luzatu diete herritarrei, «hizkuntza eskubideekiko egoera bidegabe oro salatzeko».
Gainera, nabarmendu dute kexa gehienak jaso dituztela «euskerarekiko nolabaiteko aitortza» dagoen eremuetan: «Hori da kezkagarriena. Euskera ofiziala den eremuetan ere neurri bermatzaileak falta dira, eta herritarrak bigarren mailakoak sentitzen dira».
«Urraketak betikotzeko saiakera nabari da askotan, kexei emandako erantzunetan»
Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak azaldu duenez, egoerak ez du hobera egin 2024an: «Balantzan, oso argiak dira gazteleraren eta frantsesaren nagusitasuna, eta ezintasunak eta trabak daude euskeraren lurralde osoan, idatziz zein ahoz euskeraz informazioa jasotzeko edota euskera erabiltzeko. Askotan, gainera, urraketa horiek betikotzeko saiakera nabari da jasotako kexei emandako erantzunetan. Erakundeek jarraitzen dute herritarrak gaztelera eta frantsesa erabiltzera bultzatzen eta euskerazko arreta ez emateko trikimailu legalak legitimatzen, urraketei emandako hainbat erantzunetan».
Garbiñe Petriati Behatokiko teknikariak, bere aldetik, aditzera eman du 1.206 inzidentzia jaso zituztela 2024an, Behatokiak eskaintzen duen Euskararen Telefonoaren deien zein zerbitzu telematikoen bidez: 1.112 kexa, 62 zoriontze eta 32 kontsulta edo iradokizun. «Ezin dugu ahaztu, kasu hauek errealitatearen lagin txiki bat besterik ez direla, eta zenbaezinak direla egunerokoan herritarrek salatu gabe gelditzen diren urraketak», dio Petriatik.
Eremu publikoari dagozkie jasotako kexa gehienak. Arlo horretan, Behatokiak nabarmendu duenez, Espainiako Estatuaren administrazioan «joera izan da egun indarrean dagoen ofizialtasun bikoitza ez errespetatzea, euskerazko zerbitzuekiko betebeharrak finkatu gabe». Frantziako Estatuaren administrazioek, berriz, «euskeraren aitortza ezaren bidetik jarraitzen dute. Nolabaiteko aitortza kulturala eman arren, hezkuntzan euskerazko irakaskuntzak oraindik dituen oztopo nagusiak dira aitortza ukazio horren adierazgarri, baina baita euskeraren presentzia eza ere, hainbat esparrutan». Euskal Hirigune Elkargoaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren kasuan ere, «aurreko urteetako egoerak gainditu gabe jarraitzen dute. Euskeraz zerbitzuak jaso, euskeraz kontsumitu, euskeraz ikasi eta orokorrean euskeraz bizitzeko bermeak falta dira, eta baita ez betetzeen aurrean neurriak hartzea ere».
Behatokiaren arabera, espazio publikoan, «osasungintza, segurtasuna edo zaintzari lotutako zerbitzuetan euskeraz jardun ahal izatea» da herritarren kezka nagusietako bat, oraindik ere.
Eremu pribatuan, berriz, aditzera eman du «enpresa gutxi» direla hizkuntza eskubideei aitortza egiten dietenak euskera ofiziala ez den eremuetan, baina urraketak izan direla ofizialtasuna ezarrita dagoen eremuetan ere.
Edonola ere, Behatokiak dio erakundeen erantzukizuna dela eskubide horien bermea: «Erakundeetatik hartzen ez den erabaki bakoitzak edo bermeen kontrako erabaki bakoitzak ondorioak ditu, eta ez bakarrik gaur egungo urraketen betikotzean. Zerbitzu publikoen kalitatea dago jokoan».