Hil ala biziko partidua du biharkoa Ekain Lizeagak, Buruz Burukoan

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 20a, 00:00

Ekain Lizeaga astigartarra, Morgaetxeberriaren kontrako partiduan. Orduko mailan jokatu beharko du biharkoan ere.

Tolosako Beotibarren jokatuko du astigartarrak, Julen Egigurenen kontra, ligaxkako bigarrena. Galduz gero, txapelketatik kanpo izango da.

Tolosan irabazi beste aukerarik ez dauka Ekain Lizeagak, promozioko Buruz Buruko Txapelketan bizirik jarraitzeko. Julen Egigurenen kontra ariko da astigartarra bihar, arratsaldeko 17:15etan Beotibar frontoian; eta bai ala bai irabazi beharra dauka, semifinaletara sailkatzeko aukerarik izateko. Galduz gero, matematikoki txapelketatik kanpo izango da, Joseba Aldabek ostiralean Joanes Bakaikoa menderatu zuela eta.

Kolpe gogorra jaso zuen Lize­agak ligaxkako aurreneko partiduan, Bakaikoaren kontra 22-2 galduta; baina hori ahaztu, eta Aimar Morgaetxeberriaren zein Hodei Expositoren kontrako kanporaketetan erakutsitako maila berreskuratu beharko du bihar, ligaxkako bigarrenean. Izan ere, puntako kontrarioa da Egiguren, promozioko Buruz Burukoan behin eta Lau t'erdikoan hiru bider finalista izandakoa.

Iker Salaberria, De La Fuenteren kontra datorren ostiralean

Halakoxea izango du ligaxkako bere bigarren partidua ere, Iker Salaberriak: hil ala bizikoa. Goizuetarrak datorren ostiralean jokatuko du hori, Aingeru De La Fuenteren kontra, gaueko 21:00etan hasita Iurretan. Biek ala biek galdu dute ligaxkako estreinako partidua, B multzoan; Eugikoak atzo bertan, Asier Agirreren kontra (15-22). Gauzak horrela, irabazi beharra dauka Salaberriak Iurretan, txapelketan aurrera egin nahi badu.

Bestalde, txapelketatik kanpo, puntako partidua jokatuko du gaur Hodei Exposito astigartarrak, 17:15etan Donostiako Atano III frontoian: Jose Javier Zabaletarekin ariko da, Beñat Senarren eta Martxel Iztuetaren kontra. Segidan, Jokin Altunak eta Javier Zabalak jokatuko dute Buruz Buruko Txapelketa nagusikoa.

Eñaut Lizeaga txapeldun, Goñi Memorialean

Maila afizionatuan, Eñaut Lize­aga da etenik gabe ari dena, txapelketa batetik bestera. Asti­gartarrak txapela jantzi zuen asteazkenean, Zumarragako Goñi Memorialean. Unax Lan­da oiar­tzu­arrarekin bikotea osatuta, seniorren finala irabazi zuen Unai Amianoren eta Oier Elorzen kontra (22-14). Landa nagusi izan zen peloteoan, eta inspirazio haundiarekin aritu zen Lizeaga aurreko koadroetan, mota guztietako erremateak eginez. Hasieratik egin zuten ihes markagailuan, baina kontrarioak 11-8 gerturatu zitzaizkien. Orduan, atseden hartu, eta 10-2ko partziala lortu zuten, txapela janzteko.

Ostiralean, aldiz, Reino de Najera torneoko semifinala jokatu zuen Lizeagak, Oier Elorzekin batera; eta 10-22 galdu zuen Sergio Gutierrezen eta Beñat Gar­mendiaren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!