Euskaraldiko ekintzak eta txapak banatzeko postuak prest, Hernanin eta Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 16a, 00:00

Iritsi dira txapak, orain bakoitzak har dezala berea.

Maiatzaren 15a gerturatzen ari da, eta Urumea bailara Euskaraldirako prestaketetan murgildu da. Horretan lanean dabiltza Hernaniko Dobera Euskara Elkartea eta Astigarragako zein Goizuetako dinamizatzaileak.

Aurtengo Euskaraldia maiatzaren 15etik 25era bitarte egingo da, baina ospakizunaren aurretik lan ugari dago egiteko. Horretan ari dira Euskal Herri osoko euskera elkarteak, Euskaraldiko dinamizatzaileak eta baita herri batzordeak ere.

Urumea bailarako kasuan, Hernanin eta Astigarragan buru-belarri lanean dabiltza Dobera Euskara Elkartea, dinamizatzaileak eta herrietako batzordeak. Herria eta herritarrak Euskaraldirako prestatzen ari dira, eta giroa berotzeko ekintza sorta luzea antolatu dute Hernanin, maiatzaren 9tik 25era; eta Astigarragan. maiatzaren 3tik 25era bitarte. Txapa banaketa egiteko postuak ere jarriko dituzte bi herrietan, eta horiek izango dira txapak eskuratzeko puntu bakarrak, apirilaren 26tik maiatzaren 10a bitarte.

Goizuetan ere badabiltza Euskaraldiari tiraka. Une honetan izenemateekin murgilduta daude buru-belarri, baina badituzte zenbait ekintza buruan. Esaterako, udal zerbitzuak, dendak edota tabernak ere hika eremu bilakatzeko lanetan dabiltza, eta hika-piropo lehiaketa ere jarri nahi dute martxan.

Dobera Euskara Elkarteak aditzera eman duenez, indartsu dator Euskaraldiaren aurtengo edizioa, eta gainera, baditu zenbait berrikuntza. Data aldaketaz gain, herri batzordeak sortu dira Euskal Herri osoan zehar, eta eragileekin ere harremanak estutu dira. 

'Euskaraldia-Hika' egiteko aukera ere bada aurtengo beste berrikuntzetako bat. Hernanin, Astigarragan eta Goizuetan egin dute bat 'Euskaraldia-Hika' egitasmoarekin. Doberak dioenez, arrakasta haundia izan du Euskaraldia hikaz egitearen aukerak, bai gazteen artean, eta baita helduen artean ere.

Hernanin 1.000 izenematetik gora bildu dituzte dagoeneko, eta entitate askok eman dute izena aurtengo edizioan, bereziki herriko komertzio txikiek. Astigarragan, berriz, 400 lagun baino gehiago dira izena eman dutenak, eta 50 entitate inguruk egin dute bat Euskaraldiarekin.

POSTUAK, NOIZ ETA NON

ASTIGARRAGAN

Apirilak 26, larunbata
Erriberan, 19:00-20:00

Maiatzak 9, ostirala
Herri Eskolan, 16:15-17:30

Maiatzak 10, larunbata
Joseba Barandiaran plazan, 11:30-13:30

HERNANIN

Apirilak 26, larunbata
Plaza Berrin, Kaxko Elkartearen eskutik, 12:00-14:00

Maiatzak 3, larunbata
Bidebieta plazan, Zelabide Elkartearen eskutik, 12:00-14:00

Maiatzak 6, asteartea
Bidebieta plazan, Zelabide Elkartearen eskutik, 16:30-18:30

Maiatzak 7, asteazkena
Tilosetan, AEK euskaltegiaren eskutik, 17:30-19:30

Maiatzak 8, osteguna
Txantxillako plaza, Txantxillako Auzo Elkartearen eskutik, 17:00-19:00

Maiatzak 10, larunbata
Tilosetan, Kaxko Elkartearen eskutik, 12:00-14:00

 

EGINGO DIREN EKINTZAK

ASTIGARRAGAN

Maiatzak 3, Rol jokoak

Maiatzak 9, Euskaraldia andereño Rositarekin

Maiatzak 10, Katana

Maiatzak 15, Hasiera ekitaldi xumea

Maiatzak 17, Euskaraldiko ekitaldia

Maiatzak 21, Mintzodromoa

Maiatzak 25, Bingoz bingo

HERNANIN

Maiatzak 9, Badator Euskaraldia (herriko ikastetxeen eskutik)

Maiatzak 10, Girotze ekitaldia: Hamaikakoa, gonbidatuak, txistorra...

Maiatzak 16, Dultzaineroen kalejira

Maiatzak 17, Astigarragako lagunekin batera, pilota partidua, bertsolariak, giza proba eta bazkari herrikoia

Maiatzak 18, Kantu bazkaria - Txalaparta elkartearen eskutik

Maiatzak 24, Gora musika! - Emanaldia

Maiatzak 25, Amaiera ekitaldia

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!