Hiru jardunaldiren faltan, igoera lortu dute Hernaniko neska kadeteek

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 15a, 00:00

Faseko partidu guztiak irabazi ditu Hernanik, eta Ohorezko mailan jokatuko du hurrengo urtean.

 

Sekulako denboraldia osatuta, hiru jardunaldiren faltan igoera lortu du Hernaniko neska kadeteen 1go mailako taldeak. Ohorezko mailan jokatuko dute datorren denboraldian, eta ospakizun ederra egin zuten Zubipen. 

Orioko taldearen aurka nagusitasunez irabazi zuen Hernanik, eta eskuratutako hiru puntuekin ziurtatu zuen igoera. Bigarren fase ezinhobea osatu du taldeak, jokatutako 10 partiduak irabazita. Aritz Oyarbidek eta Ruben Moronek zuzendutako taldeak patxadaz jokatu ahalko ditu geratzen diren norgehiagokak.

Larunbat arratsaldean, gainera, klubaren omenaldia jaso zuten taldekide guztiek. Pankarta, suziri eta bengala artean egin zieten harrera jokalariei, eta ekitalditxoan harrobiaren garrantzia nabarmendu zuten.

 

Euskal Ligako neskek 1-0 irabazi zuten

Bailarako futbol talde nagusien artean, Hernaniko Euskal Ligako neskek bakarrik lortu zuten garaipena. Ugaori 1-0 irabaztea lortu zuen Hernanik, aurreko asteko garaipenari jarraipena emanda. 

Gizonezkoen taldeak 1-1 berdindu zuen Zumaiakoren aurka, eta azken jardunaldietan hortzak estutu beharko ditu mailari eutsi nahi badio. Mundarrok, berriz, ez zuen punturik lortu; 3-0 galdu zuen Astigarragako taldeak Sanpedortarra aurkari zuzenaren etxean.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!