Ander Amonarriz 13garren Beran, eta Agerre txapeldun taldeka

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 15a, 00:00

Agerre taldeko korrikalariak, Berako Mendi Maratoi Erdiaren podiumean.

Talde hernaniarrak lau kide izan zituen aurreneko 20en artean, oso maila haundiko proban.

 

Hitzordu entzutetsuak izan dituzte bailarako mendi korrikalariek, asteburu honetan. Berako Mendi Maratoi Erdia izan da horietako bat, oso maila haundiko partehartzearekin; eta bereziki protagonista izan zen Agerre talde hernaniarra: txapeldun izan zen taldekako sailkapenean, aurreneko 20 sailkatuen artean izan baitzituen lau korrikalari. Ander Amonarriz hernaniarra izan zen bailarako azkarrena, 13garren, 1:52:33 denborarekin; eta 20garren sailkatu zen Xabat Alonso herrikidea (1:54:43). Jokin Tolosa anoetarra (1:47:55) eta Xanti Uranga zarauztarra (1:53:30) izan ziren Agerreko beste bi taldekideak aurreneko 20etan, bosgarren eta 18garren.

Emakumezkoetan, 13garren izan zen Agerreko Ainhoa Arruti urnietarra (2:22:45). Aurreneko 10etan sartzeko lehian izan zen bukaerara arte, baina txorkatila bihurritu zuen hiru kilometro falta zirela, eta min hartuta bukatu zuen. Araitz Irazu hernaniarra, berriz, 20garren sailkatu zen, 2:30:55 denborarekin.

 

Hodei Lujanbio 29garren Espainiako Txapelketan, eta beteranoen podiumetik minutu erdira

Hodei Lujanbio goizuetarrak izan zuen beste hitzordu garrantzitsua, Ibizan: Espainiako Txapelketa jokatu zuen, San Miguel de Balansat herrian, Nafarroako selekzioak deituta. Eta maila ederrean aritu zen goizuetarra, beste behin. Gizonezkoen maila absolutuan, 29garren izan zen helmugan, 28 kilometroko ibilbidea 2:38:18 denboran osatuta. Bera izan zen Nafarroako selekzioko ordezkaririk onena.

Gainera, beteranoen podiumera berriro igotzetik gertu izan zen Lujanbio. Laugarren sailkatu zen 40 eta 45 urte arteko gizonezkoetan, eta minutu erdira izan zuen hirugarrena, Baleareetako Biel Martinez (2:37:48).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!