Ekain Lizeagak gaur hasiko du ligaxka, Bakaikoaren kontra

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 11a, 00:00

Astigartarrak Gasteizko Ogetan jokatuko du final laurdenetako aurrenekoa, iluntzeko 19:30etatik aurrera.

 

Estreinakoz ari da Ekain Lizeaga astigartarra promozioko Buruz Buruko Txapelketan; eta prebian Hodei Exposito herrikidea menderatu ondoren, final laurdenetako ligaxka jokatuko du. Gaur ekingo dio, Gasteizko Ogeta frontoian: Joanes Bakaikoaren kontra ariko da, iluntzeko 19:30etatik aurrera.

Oso partidu zaila izango da astigartarrarentzat, zalantzarik gabe. Promozioko Buruz Burukoa bitan irabazi du etxarri-aranaztarrak (2018an eta 2023an), eta beste hirutan izan da txapeldun Lau t'erdikoan (2018an, 2021ean eta 2024an). Garrantzitsua da ligaxkari ondo ekitea, txapelketan aurrera egin ahal izateko; baina partidu borobila osatu beharko du Lizeagak horretarako. Julen Egiguren eta Joseba Aldabe izango ditu beste bi kontrarioak, A multzoan.

 

Iker Salaberria Labriten bihar, Zubizarretaren kontra

Iker Salaberria goizuetarra, berriz, B multzoan ariko da. Bihar jokatuko du estreinako partidua, Iraitz Zubizarreta ataundarraren kontra, arratsaldeko 17:15etan Iruñeko Labriten. Binakakoa irabazi berritan, promozio mailan falta zaion txapela lortu nahi du goizuetarrak, 2022ko eta 2023ko Buruz Buruko finalak galdu ondoren. Asier Agirre eta Aingeru De La Fuente ditu beste bi lehiakideak, B multzo horretan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!