Lekuona-Irazu bikotea 25garren izan da Euskal Herriko Mus Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 9a, 00:00

Ligaxka gainditu eta azken 32 bikoteen artean sailkatu ondoren, bailarako onenak izan ziren.

 

Gorka Lekuona eta Iraitz Irazu izan ziren bailarako bikote onena Euskal Herriko Mus Txapelketaren finalean. Gasteizeko final haundira 128 bikote iritsi ziren eta lau bikotekako 32 multzotan banatu zituzten muslariak.

Bere multzoan ligaxkako hiru partidak irabazi eta azken final hamaseirenetarako kanporaketara sailkatu zen bailarako bikote bakarra izan zen Lekuonarena eta Irazurena. Hala ere, final hamaseirenetan kanporatuak izan ziren. 

Ander Lizeaga eta Aiatz Hernani bigarren sailkatu ziren ligaxkan bi partida irabazita, baina tanteoagatik kanporatuak izan ziren. Kasu berean aurkitu ziren Ander Polaina eta Odei Egaña Ereñotzuko bikotea. Xabier eta Joxeba Lizeagak partida bakarra irabazi zuten ligaxkan, Unai Zamarreñok eta Ander Gonzalezek bezala. 

 

Txapela, Leitzara

Txapela, 3.000 euro, garaikurra eta Karibera bidaia lau pertsonentzat, Leitzako Jose Manuel Zabaletak eta Jose Miguel Gonzalezek irabazi zuten. Finalean Etxarri Aranatzeko Mikel Goikoetxea eta Xabi Urrestarazu gainditu zituzten. Hauek ere sari potoloa irabazi zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!