Atzo iritsi zen Korrika 13 Hernanira, 300 kilometro inguru eginda, Mauletik abiatu eta Iruñara bidean. Goizaldeko 02:30ak pasean sartu zen Zinkoenean, eta rotonda inguru guztiak betetzen zituen jendetzak ongi etorri beroa egin zien korrikalariei, AEK eta euskeraren aldeko oihu artean.
Hernanin Korrikak urtero omentzen du herriko pertsona edo talderen bat, eta aurten Axeri Dantza mixtoa omendu du. Axeriak Zinkoenean hartu zuen testigua, ohorezko kilometroa egin, eta Antziolan entregatu zion hurrengo erreleboari.
Mauletik Iruñara
Korrika 13 Mauletik abiatu zen ostiralean, arratsaldeko 18:30ak inguruan. Zuberoa, Behe Nafarroa eta Lapurdi zeharkatzen 24 ordu pasa zituzten korrikalariek, eta bidean inoiz baino jende gehiago eta harrera hobea izan dutela komentatu dute antolatzaileek. Irunen milaka lagunek itxaron zuten Hendaiatik Kotte Ezenarro PSFko alkateak zekarkien testigua, eta handik Hondarribia, Oiartzun, Errenteria, eta Lezo pasata Donibane ingurura abiatu zen Korrika.
Donibaneko batelak San Pedroko batelari pasa zion testigua bi herrien arteko kanalean, eta uretatik aterata, berriz korrika abiatu ziren Altzara. Donostian 4 ordu egin zituen Korrikak eta Loiola, Martutene eta Astigarraga pasata, Hernanira iritsi zen.
Gipuzkoatik Bizkaira, Arabara eta Nafarroara dijoa Korrika, Iruñan bukatzeko.