Ohorezko Erregional mailako mutilek galdu egin zuten Urolaren aurka, eta beheko postuetara gerturatu dira

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 8a, 00:00

Gogor saiatu arren, punturik gabe geratu zen Hernani.

0-1 galdu zuen Hernanik, eta sailkapeneko 16garren postuan dago. Beste bi talde nagusiek, aldiz, garaipena eskuratu zuten; Euskal Ligako neskek 1-2 irabazi zuten Gasteizen, eta Mundarrok 1-0 hartu zuen mendean Roteta. 

Denetik izan du asteburuak bailarako futbol talde nagusientzat. Hernaniko Ohorezko Erregional mailako taldeak 0-1 galdu zuen Zubipen, baina garaipena eskuratu zuten Euskal Ligako neskek eta Mundarrok. 

 

Hernani 0-1 Urola

Burua altxa ezinik jarraitzen du Hernaniko Ohorezko Erregional mailako mutilen taldeak. Bigarren porrota jarraian kateatu du, eta sailkapeneko azpiko postuetara gerturatu da berriro. Une honetan 16garren postuan dago Hernani, 29 puntu exkaxekin. 

Garaipena lortu beharreko partidua zen larunbatekoa. Urolaren bisita jaso zuen Zubipen, eta gogotik saiatu arren punturik gabe geratu zen Hernani. Partiduko gol bakarra, gainera, 88. minutuan iritsi zen. 

Asteburu honetan Zumaiakoren aurka jokatuko du Hernanik, etxetik kanpo. Sei jardunaldi besterik ez dira geratzen liga amaitzeko, eta sei final izango dira taldearentzat. Azpiko postuetatik ateratzeko garaipenak lortu behar ditu. 

 

Lakua 1-2 Hernani

Garaipen baliotsua eskuratu zuen Hernaniko Euskal Ligako nesken taldeak. Aurreko asteetako porroten ondoren, irabazteko beharra zuen Hernanik, eta partidu ona osatuta eskuratu zituen 3 puntuak. 

Etxeko taldeak partiduko 2. minutuan lortu zuen lehenengo gola. Aldapan gora jarri zitzaion partidua Hernaniri, baina pixkanaka jokoari buelta ematea lortu zuen. Bigarren zatian iritsi ziren berdeen golak: 49. minutuan Enire Beainek berdindu zuen partidua, eta 80. minutuan Uxue Navarrok sartu zuen bigarrena. 

Asteburu honetan Zubipera itzuliko dira neskak, Ugaoren aurka jokatzeko. 

 

Mundarro 1-0 Roteta

Mundarrok ere garaipen ederra eskuratu zuen Igandean, Roteta liderraren aurka. Liga amaitzeko lau partidu besterik ez zaizkie geratzen astigartarrei, eta, dena ondo bidean, ez dute mailari eusteko aparteko arazorik izango. Sailkapeneko 11garren postuan dago taldea. 

Asteburu honetan etxetik kanpo arituko da Mundarro, Sanpedrotarraren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!