Egun historikoa da gaurkoa Astigarragako esku pelotarentzat. Herriko bi seme bata bestearen aurka arituko dira, nor baino nor, profesional mailako buruz buruko txapelketan. Hodei Expositok eta Ekain Lizeagak elkarren aurka jokatuko dute Serie B txapelketako final zortzirenetan Bilboko frontoian, 17:15etatik aurrera. Gorriz arituko da Exposito eta urdinez, Lizeaga.
Exposito izan zen profesionaletan lehenengoa debutatzen 2022an eta orain 25 urte ditu. Uztailean beteko ditu 26 urte eta bi urte t'erdiko eskarmentua du profesionaletan. Profesional bezala debutatu zuen bigarren astigartarra Ekain Lizeaga izan zen, 2024ko otsailaren 2an. Beraz, 21 urteko atzelariak 14 hilabete osatu ditu profesionaletan.
Exposito, Aspe enpresako aurrelaria da eta Lizeaga, Baiko enpresako atzelaria. Dohain ezberdinak dituzte eta gaurko partiduan estiloen lehia ere izango da. Lizeaga, atzelariaren ohiko joko eta indarra alde batetik, eta Exposito, aurrelariaren trebetasuna bestetik.
Irabazlea final laurdenetara pasako da eta bertan, zain izango da Bakaikoa. Partidu hori apirilaren 11rako dago iragarrita Gasteizen, Ogeta frontoian.
Salaberriak apirilaren 12an, final laurdena
Serie Bko buruz burukoa jokatuko duen bailarako hirugarren pelotaria Iker Salaberria goizuetarra izanen da. Goizuetarra final laurdenetan sartuko da lehian. Apirilaren 12an jokatuko du, Iruñeako Labrit frontoian Eskiroz eta Zubizarreta III.aren arteko partiduaren irabazlearen aurka.