Eguraldi ederra izan dugu aste honetan, eta pixkana sumatzen da udara gerturatzen ari dela. Abentura garaia izaten dira oporraldiko hilabeteak gaztetxoentzat, eta Dobera Euskara Elkarteak aukera paregabea eskaintzen du Udaleku Ibiltariekin. 13. edizioa izango da aurtengoa, eta adin tarte ezberdinentzako bi txanda antolatu dituzte.
Lehenengoa uztailaren 7tik 13ra arte izango da. Udaleku Ibiltari Haundia izango da hau, 2010, 2011 eta 2012 urteetan jaiotako haurrekin osatutakoa. Goierrin barrena ibiliko dira uztaileko bigarren aste horretan, inguruan dauden zenbait herri ezagututa.
Udaleku Ibiltari Txikia, berriz, hilabete amaieran izango da; 21etik 26ra. Kasu honetan, 2013, 2014 eta 2015 urteetan jaiotako haurrek Oarsoaldean osatuko dute ibilbidetxoa.
Bi txandetan izena emateko epea maiatzaren 11n itxiko da, eta inskripzioa https://dobera.eus/udaleku-ibiltarien-izen-ematea-irekita/ estekaren bidez egin daiteke. Txanda bakoitzaren prezioa orrialde honen eskuinaldean dagoen taulatxoan begiratu daiteke.
Euskarazko aisialdia, naturarekin kontaktuan
Dobera Euskara Elkarteak helburu argia du Udaleku Ibiltariekin: euskerazko aisialdi eskaintza zabaltzea. Hori, gainera, naturarekin lotuta dauden jardueren bidez egiten dute bi txandetan: «Umeek eta gazteek natura errespetatu, hezkidetza, elkarlana eta talde sentimendua bultzatu, euskal kultura ezagutu, inguru eta lagun berriak ezagutu, eta batez ere, ondo pasatzea nahi dugu».
Azken urteetan jarduera ugari egiteko aukera izan dute gaztetxoek: ur ekintzak, abentura kirolak, mendi ibilbideak, talde jolasak. Horri guztiari udalekuaren formatua bera gehitu behar zaio: «Udaleku Ibiltari hauetan, herriz-herri mugitzen gara, normalean txango bidez eta material guztia furgonetarekin mugitzen dugu aldez aurretik. Herri bakoitzaren arabera, ikastetxeak, udal-eraikinak, frontoi estaliak... izan ohi dira gure lo lekuak, eta gurekin doan sukaldariarekin egiten ditugu otorduak egunero».
Begirale eta sukaldari izateko aukera, zabalik
Udaleku Ibiltarietan begirale edo sukaldari izan nahi dutenek euren kurrikuluma bidaltzeko aukera dute dagoeneko. Horretarako, Larramendi kaleko 11. atarian dagoen bulegora joan edo dobera@dobera.eus helbidera idatzi behar dute.
UDALEKU IBILTARI HAUNDIAK - GOIERRI
Uztailaren 7tik 13ra
2010, 2011 eta 2012 urteetan jaiotako gaztetxoentzat.
Prezioa: 220 euro / 200 euro bazkideentzat.
UDALEKU IBILTARI TXIKIAK - OARSOALDEA
Uztailaren 21tik 26ra
2013, 2014 eta 2015 urteetan jaiotako haurrentzat.
Prezioa: 200 euro / 180 euro bazkideentzat.