Azken txanpan sartu da Gipuzkoako lehenengo mailarako igoera fasea, mutiletan; eta primerako egoeran iritsi da Hernani. Joan den asteko garaipenarekin, dagoeneko ziurtatu zuen play-offa jokatzea; eta beste pauso bat eman dezake gaurkoan: Irunen jokatuko du, 20:00etan Azken Portun, Erroibideren kontra; eta irabaziz gero, ziurtatuko du play-offeko semifinala etxean jokatzea.
Partidu erabakigarria izango da semifinaletakoa. Izan ere, hiru talde igoko dira lehenengo mailara: semifinaletako bi irabazleak, eta baita galtzaileen arteko partidua irabazten duena ere. Hori horrela, garrantzitsua da semifinala etxeko zaleen babesean jokatzea. Gaur irabazita lortuko du hori Hernanik, baina bestela ere, esku-eskura izango du, alde nabarmena baitauka atzekoekin, azkeneko hiru partiduak falta direnean: bigarren postuan dago Hernani, zortzi garaipenekin; eta hurrengo hiru taldeek bosna garaipen dauzkate.
Erroibide Irun, aurkari posiblea play-offean ere
Atzeko hiru talde horietako bat da, hain juxtu, Irungo Erroibide taldea. Gauzak horrela, litekeena da, gaurkoan ez ezik, play-offean ere Hernanik kontrario izatea talde irundarra.
Hiru garaipenera dauden beste bi taldeak dira Antigua Luberri eta Goierri. Talde goierritarrari bi partiduak irabazi dizkio Hernanik, igoera fasean; eta Erroibide ere mendean hartu zuen duela aste batzuk. Antigua Luberriren kontra, berriz, aurreneko fasean jokatu zituen bi partiduak, eta bietan izan ziren nagusi hernaniarrak.
Edonola ere, kontuak estu daude, hirugarren eta laugarren posturako lehia horretan. Izan ere, lau garaipenekin daude Eibar eta Debasket, eta hirurekin Mondragon Unibertsitatea. Hernani eta Aldapeta Maria daude alde nabarmenarekin, aurretik. Donostiarrak dira multzoko lider, 10 garaipenekin.
Mundarroko bi taldeek, partidu garrantzitsuak mailari eusteko lehian
Mundarroko talde nagusiak, berriz, Gipuzkoako lehenengo mailan mantentzeko lehia betean daude murgilduta. Neskek ligako 20garren partidua jokatuko dute gaur, eta erabakigarria izan daiteke: Bera Beraren kontra ariko dira, 20:00etan Donostiako Paco Yoldi kiroldegian. Ligako azkenaurreko sailkatua da Bera Bera, 11garren lau garaipenekin (partidu bat gehiago jokatuta); eta bost garaipen dauzka Mundarrok, bederatzigarren postuan. Bi talde jaitsiko dira bigarren mailara, eta gaur irabazita, Mundarrok ziurtatuko luke gutxienez Bera Bera atzetik izatea.
Mundarroko mutilek, bere aldetik, azkenaurreko partidua jokatuko dute gaur, 20:00etan Donostiako Benta Berri kiroldegian, Casa de La Riojaren kontra. Zortzi taldeko ligaxkan, azkeneko hirurak jaitsiko dira bigarren mailara, eta horiekin garaipen bakarreko aldea daukate astigartarrek, laugarren postuan. Azkenaurrena da Casa de La Rioja. Mundarrok gaur irabaziko balu, eta Takek galduz gero, mailari eustea ziurtatuko luke talde astigartarrak.