Gaur jokatuko da Euskal Herriko Mus Txapelketaren finala, Arabako Zigoitia herrian, 08:30etatik aurrera; eta Urumea bailarako bost bikote ariko dira bertan, 128 bikoteren artean. Gipuzkoako txapeldun izatearen pozarekin iritsiko dira Aiatz Hernani eta Ander Lizeaga hernaniarrak.
Gipuzkoako 115 bikoteren artean, txapeldun. Ikaragarria, ezta?
Ander: Bai. Beti daukazu horretarako esperantza, baina gutxitan tokatzen da; eta gertatzen denean, poz haundia izaten da.
Aiatz: Zortea ere izan genuen, kartak 'ikusi' genituen; baina erabaki onak hartu ere bai.
Aurretik ere elkarrekin askotan aritutakoak zarete...
Aiatz: Aritzen gara, bai, lagunartean zein txapelketetan.
Ander: Inguruko txapelketetan aritu izan gara, herrian jokatzen direnetan.
Aiatz: Euskal Herriko Txapelketan hartu izan dugu parte lehenago, baina elkarrekin aurreneko aldia genuen. Joan den urtean laugarren izan nintzen ni, koadrilako beste lagun batekin, Aitor Sarriegirekin.
Eta aurreneko txapela zenuten elkarrekin?
Ander: Baietz esan beharko dugu! Errugbi elkartearen garagardo azokan irabazi genuen mus txapelketa urte batean, 45 bikoteren artean; baina behin irabaziko, eta txapelik ez zeukaten saritan. Beraz, txapela fisikoak hauexek ditugu aurrenekoak.
Baduzue muslari onen fama?
Ander: Ez pentsa. Koadrilakoekin ez ezik, Hernaniko ezagunekin edo gertukoekin ere aritzen gara, eta partida zailenak horiek izaten dira. Pike haundia orduantxe izaten da, eta batzuetan irabazi bai, baino besteetan galtzea tokatzen da. Denak paretsu ibiltzen gara, inor ez da bata bestea baino hobea.
Aiatz: Eta ezagutu ere egiten gaituzte. Herrikoek dagoeneko badakite nola jokatzen dugun, eta zailagoa izaten da horrela.
Eta sekreturik argitu gabe, nola jokatzen duzue?
Ander: Torneoetan, gutxi galtzea izaten da inportantea. Karta onak tokatuz gero, daukazunarekin jokatu eta ahal dela gutxi galdu, asko arriskatu gabe. Takadatxoa lortuz gero, horri heldu. Horrek ez badizu balio, arriskatzen hasi behar duzu. Ondo ateraz gero aurrera, eta bestela kale.
Aiatz: Aurkariari karta onak tokatuz gero, gezurretan hasten bazara, ez dago askorik egiteko. Beraz, kartek agintzen dute asko. Baina erabaki onak hartzea ere garrantzitsua da. Gipuzkoakoan, partida batzuekin aurrera egin genuen erabaki onei esker, baina larri ibili ginen. Keinuak ere erabili genituen, eta horretan ondo moldatu ginen. Lagun artean ez ditugu keinuak asko erabiltzen, baina txapelketan bai, eta horrek konfiantza ematen dizu. Txikitatik ezagutzen dugu elkar, eta hori nabaritu egiten da jokoan.
Ander: Bestearen joerak eta intuizioak ezagutzen ditugu, eta komunikazioa garrantzitsua da. Baina gainerakoan, sekretu haundirik ez dago jokoan.
Nola joan zen finaleko eguna?
Aiatz: Egunaren aurreko kontu bat aipatuko nuke lehenengo. Ostegunean afaltzeko elkartu ginen, eta Anderrek esan zidan intuizioa zeukala zerbait polita egingo genuela txapelketan. Nik ez nekien hainbesteko intuizioa zeukanik! (barrez)
Ander: Zerbait ikusi nuen, bai...
Aiatz: Finaleko egunean, lehenengo partida egin zitzaidan zailena niri. 3-2 irabazi genuen, eta juxtu-juxtu.
Ander: Hasi aurretik ere esan zenidan behin baino gehiagotan, aurreneko partida zela inportanteena, eta ia galdu genuen. Hortik aurrera, semifinaletara bitarte, azkar joan zen txapelketa, nahiz eta zazpi partida izan denera. Gehienak nahiko erraz joan ziren, zailenak aurrenekoa eta semifinala.
Aiatz: Bai, hori ere kosta zitzaigun. 2-0 irabazten hasi, eta berdindu egin ziguten. Azkenean 3-2, hori ere juxtu-juxtu. Finala izan zen kasik partidarik errazena. 10 minututan bukatu genuen. Karta onak tokatu zitzaizkigun, beraiek hordagoka hasi ziren, erantzuteko kartak izan genituen, eta 3-0 azkenean.
Ander: Hernanitik bikote dexente joan ginen, eta partidaren bat bukatu orduko, galdetzen zenion bati eta besteari, ea aurrera egin ote zuten. Pixkanaka ikusten duzu gero eta gutxiago geratzen zaretela, txapelketan jarraitzen duzula, eta tentsioa areagotu egiten da.
Aiatz: Egia da, aldi berean, bigarren partida irabazita dagoeneko txartela geneukala Euskal Herriko finalerako. Beraz, horrekin lasaitu egin ginen eta presio gutxiagorekin jokatu genuen hortik aurrera.
Eta asteburu honetan, Euskal Herriko finala.
Aiatz: Nik lehengo urtean hartu nuen parte. Lau bikoteko multzoetan hasten gara. Aurreneko bikoteak aurrera egiten du txapelketan, eta bigarrena kontsolazio fasera dijoa, arratsaldean kanporaketak jokatzeko. Beste bi bikoteak, aldiz, kalera. Guk ezin izan genuen aurreneko fasea gainditu iaz. Baina polita izaten da. Beste probintzietako bikoteen aurka jokatzen duzu, aurreneko fase horretan ezin baituzu zure lurraldeko beste bikote batekin aritu. Gogoan dut aurreko urtean Iparraldeko bikote baten aurka aritu ginela, eta beraiekin hizketan, poza eman zidan haiek euskeraz entzuteak.
Ander: Modu berezian hasiko dugu Euskal Herriko finala, gainera. Esan ziguten txapelarekin joan behar dugula, eta omenaldi bat egingo digutela lurralde guztietako txapeldunei, partidak hasi aurretik.
Hortaz, hasieratik jakingo dute denek, nor zareten...
Aiatz: Bai, hori ez da oso ona izango akaso...
Ander: Presio pixka bat jarriko digu horrek, bai.
Zein helbururekin zoazte?
Aiatz: Ondo pasatzea.
Ander: Tira, ondo pasa bai, baina ahal dela emaitza onen bat lortzea ere bai... Gipuzkoakora erlaxatuta joan ginen, besterik gabe gauzak ondo egitera. Zortea izanez gero aurrera, eta bestela kitto, gure buruari presio haundirik jarri gabe. Berriro modu horretara joatea litzateke ona. Zorteak asko eragiten du gero, eta batek daki. Baina ezin dugu joan pretentsio haundiekin, eta sarian pentsatzen. Karibera bidaia eta 3.000 euro daude irabazleentzat, eta horri begira hasten bazara lehendabiziko partidatik...
Aiatz: Gipuzkoako txapeldun izatearen presioarekin ere ezin gara joan. Edozeinek irabazi diezaioke edozeini, partida batean. Gipuzkoakoan bertan, esan dugun bezala, aurreneko partidan lasai asko geratu gintezkeen kanpoan.
Hiru partida jokatzea ziurtatuta daukazue behintzat, esperientzia bizitzeko.
Ander: Esperientzia berri bat izango da. Gipuzkoakoan bertan, herri txiki ezberdin askotako jendea topatzen duzu, eta saltsa eta giro euskalduna oso polita izaten da. Eta Euskal Herri mailan, are gehiago. Galdu edo irabazi, polita izango da ziur.
Aiatz: Antolatzaileek eurek ere azpimarratzen dute, euskeraren alde eta Euskal Herria aldarrikatuz egiten dutela txapelketa, eta hori ere polita da. Euskaraldiko argazkia ere atera genuen Gipuzkoakoan.
Ander: Euskal Herriko federazioa bera ere hortako dago. Beraiek euskaltzaleak dira, eta horregatik eta horretarako sortu zuten. Euskal kultura eta euskaltzaletasuna sustatzeko.
Pentsa liteke musak galdu duela indar pixka bat, baina txapelketa honetan 2.500 bikotek baino gehiagok hartu duzue parte...
Ander: Segur asko, gure gurasoen edo aiton-amonen garaietan gehiago jokatuko zen, edozein unetan, bazkaldu ondoren. Baina azkeneko urteetan, hemen Hernanin, gazteek ohitura haundia hartu dute jokatzeko.
Aiatz: Badago joera soziedade batean bildu eta arratsaldepasa musean aritzeko. Gu hala aritzen gara.
Ander: Inguruko torneo txikietan, jende gaztea ikusten duzu. Lehengo garaien aldean gutxiago jokatuko da, baina orain beherantza doanik ez nuke esango. Badago mugimendua musaren bueltan, eta ea emakumeak ere gero eta gehiago ikusten ditugun...
Aiatz: Bai, Gipuzkoakoan Zaldibiko bi emakumeren aurka jokatu genuen finala, baina gainerakoan ez genuen emakume askorik ikusi.
Ander: Eta aipatu nahi nuke, ona dela gero eta jende gehiago aritzea musean, baina betiere neurrian eta errespetuz, jakinda joko bat dela. Batzuek ez dute ondo bereizten...
URUMEA BAILARAKO ORDEZKARIAK
EUSKAL HERRIKO MUS TXAPELKETAREN FINALEAN
GAUR, Zigoitian (Araba)
- Aiatz Hernani eta Ander Lizeaga (Hernani)
- Gorka Lekuona eta Iraitz Irazu (Hernani)
- Xabier Lizeaga eta Joxeba Lizeaga (Hernani)
- Ander Gonzalez eta Unai Zamarreño (Hernani)
- Joxan Egaña eta Hodei Egaña (Ereñotzu)