3.500 eurora arteko dirulaguntzak emango ditu Eusko Jaurlaritzak, 20 urtetik gorako ibilgailuak ordezkatzeko

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 5a, 00:00

Laguntza programa jarri zuen martxan apirilaren 1ean, 20 urtetik gorako ibilgailuak dituzten herritarrentzat: auto zaharra txatarrara bidalita, berriaren %20ko kostua estaliko du Jaurlaritzak, 3.500 euroko mugarekin.

Aurreko astean iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak, ibilgailu par­kearen zahartzeari aurre egin eta deskarbonizazioan eragiteko programa: dirulaguntzak emango dizkie 20 urtetik gorako autoen jabeei, horiek txatarrara bidali eta auto berriak erosten badituzte. Neurria aste honetan sartu da indarrean, eta apirilaren 1etik aurrera erositako autoengatik jasoko dute laguntza.

'Emisio txikiagoko ibilgailuak' izendatu dute programa, eta 5 milioi euroko partida jaso du Eusko Jaurlaritzak horretarako. «Helburua da garraio-sektorearen deskarbonizazio adimendunean aurrera egitea eta, horretarako, automobilak eta furgonetak emisio txikiagoko beste ibilgailu batzuekin ordeztea», azaldu dute. Programak 3.500 eurora arteko laguntzak emango ditu egungo kotxea edo furgoneta ordezkatzeko, emisio gutxiago dituen berri batekin. Horrela, aurreikusi dute gutxi gorabehera 2.000 auto eta furgoneta ordezkatuko direla, eta batazbeste %30 baino gehiago murriztuko dela CO2 isuria, autoak ordezkatzearen ondorioz. Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, 10 urtetan 24.000 tona inguruko CO2 emisioak saihestuko dira, EAEko 16.000 etxek sortuko luketen emisioaren parekoa.

Aurtengo irailaren 15era bitarte aurkeztu daitezke dirulaguntza eskaerak, deialdiaren aurrekontua lehenago agortzen ez bada. Izan ere, eskaerak jaso ahala aztertu eta dirulaguntza esleituko diete, jasotako ordenaren arabera; eta 5 milioiko partida agortzean itxi egingo dute dirulaguntza deialdia.

 

Dirulaguntza jasotzeko, 
hainbat baldintza

Esan bezala, 20 urtetik gorako kotxe edo furgoneta zaharrak berriekin ordezkatzeko emango dute dirulaguntza; baina hainbat baldintza bete beharko dira horretarako. 

Kotxeen kasuan, erositako berriak kilometroko 125 gramotik beherako CO2 emisioak izan beharko ditu; eta furgoneten kasuan, kilometroko 150 gramotik beherakoak. Gainera, ibilgailu berriak edo erakusketakoak erostean soilik jasoko da laguntza. Erakusketako ibilgailutzat joko dituzte bederatzi hilabete arteko antzinatasuna dutenak, lehenengo matrikulaziotik salerosketa-fakturaren egunera arte zenbatuta.

Diruz lagunduko diren ibilgailuak izan daitezke elektriko hutsak, hibrido entxufagarriak, autonomia hedatukoak, petrolio-gas likidotu bidezkoak, gas natural bidezkoak, gasolina bidezkoak edo gasolio bidezkoak.

Automobilen kasuan, erositako ibilgailuaren prezioa 40.000 eurokoa (BEZik gabe) izan daiteke gehienez ere; eta 75.000 eurokoa hidrogenozkoa bada. Furgoneten kasuan, aldiz, ez dute prezio mugarik ezarri.

Ibilgailu berriaren kostuaren %20a lagunduko du diruz Jaurlaritzak, baina eskatzaileak 3.500 euro jaso ditzake gehienez ere. Pertsona fisiko bakoitzak ibilgailu bat erosteagatik soilik jaso dezake dirulaguntza; eta pertsona juridikoen kasuan, hiru ibilgailu izan daitezke. Dirulaguntza hau bateragarria da beste laguntza batzuekin, betiere guztien artean ez badute gainditzen kostuaren %70a.

Txatarrara bidaliko den ibilgailu zaharrak ere bete beharko ditu baldintza batzuk, dirulaguntza esleitu dadin. Hasteko, laguntza eskatzen duena izan beharko da ibilgailu zaharraren jabea, eta apirilaren 1etik aurrera bidali behar du txatarrara. Gainera, Trakzio Mekanikoko Ibil­gailuen Zergan jasota egon be­har du, eta behar bezala ordainduta behar du, gutxienez 2024tik eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean. Eta azkenik, baldintza hauetako bat bete beharko du: 20 urtetik gorako antzinatasuna izatea; edo 175 g/km-tik zein 200 g/km-tik gorako CO2 emisioak izatea, automobilen eta furgoneten kasuan, hurrenez hurren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!