Urumea bailarako ibilgailu parkea, gero eta haundiagoa eta zaharragoa

Kronika - Erredakzioa 2025ko api. 5a, 00:00

Kotxeak dira nagusi Urumea bailaran, baina motoak Hego Euskal Herri mailan baino gehiago dira gurean, batazbeste.

Denera 22.505 ibilgailu zeuden bailaran 2023an, 2019an baino 1.334 gehiago, tartean pandemia izan arren. Horietatik, 9.693 ibilgailu dira 15 urtetik gorakoak, %43a. Gainera, ia denak dira erregai bidezko ibilgailuak, 21.956 guztira (%97,56). Ibilgailu elektrikoak, 106 bakarrik.

22.505 ibilgailuk osatzen zuten Urumea bailarako parkea, duela urtebete pasatxo, 2023ko azkeneko datuen arabera. Horietatik, kotxeak dira gehienak, guztien %60,8 (13.683 kotxe), baina asko dira motoak ere (3.423). Furgoneta (1.912) eta kamioi (1.802) kopurua ere ez da makala, eta ziklomotorrek (568) osatzen dute ibilgailu parkea.

Zer diote datuek? Ibilgailu parkea nabarmen haunditu dela lau urtetan, 21.171 ibilgailu bai­tziren 2019an. Hortaz, 1.334 ibilgailu gehiago dira epe horretan, tartean pandemiak eragindako etenaldia izan arren.

Ibilgailu motaren arabera, dena den, oso ezberdina izan da bilakaera. Batzuetan nabarmen haunditu da kopurua, eta beste batzuetan, berriz, behera egin du. Motoena eta furgonetena dira, proportzioan, gehien haunditu diren parkeak. Motoena, zehazki, %15,33 areagotu da lau urtetan: 2.968 ziren 2019an, eta 2023an 3.423. Furgoneta kopurua, berriz, %10,58 haunditu da epealdi berean, 1.729 izatetik 1.912 izatera pasa baitira. Kopuruz kotxeak dira gehien areagotu direnak, 12.843tik 13.683ra; baina %6,54ko haunditzea da hori.

Kontrara, behera egin du kamioi eta ziklomotor kopuruak, bailaran. Kamioiak 1.965 ziren 2019an, eta lau urte beranduago 1.802. Ziklomotorrak, berriz, 627tik 568ra gutxitu ziren.

Herriz herri, nahiko antzekoak dira ibilgailu mota bakoitzeko proportzioak bailaran, 2023ko datuen arabera. Aranon 178 ibilgailu dira guztira: 87 kotxe, 38 moto, 31 furgoneta, 11 kamioi eta zazpi ziklomotor. Goizuetan 802koa da ibilgailu parkea, eta furgoneta eta kamioi kopurua da esanguratsua: 433 kotxe, 141 furgoneta, 85 kamioi, 71 moto eta 19 ziklomotor dira.

Astigarragan, berriz, 6.804 ibilgailu dira denera: 3.817 kotxe, 1.230 moto, 616 furgoneta, 537 kamioi eta 168 ziklomotor. Eta Hernanik dauka, oso nabarmen, bailarako ibilgailu parkerik haundiena, 14.721ekin: 9.346 kotxe, 2.084 moto, 1.169 kamioi, 1.124 furgoneta eta 374 ziklomotor.

2019ko datuekin alderatuta, bereziki nabarmentzeko datua da ibilgailu parkeak beherakada izan duela Goizuetan, 862 ibilgailu izatetik 802ra pasa baitzen lau urteko epean. Haunditu egin da gainerako hiru herrietan: Aranon 157tik 178ra; Astigarragan 5.993tik 6.804ra; eta Hernanin 14.159tik 14.721era.

Ibilgailuen ia erdia, 15 urtetik gorakoa

Baina haunditu bakarrik ez, zahartu ere egin da Urumea bailarako ibilgailu parkea, azkeneko urteotan. Izan ere, 9.693 ibilgailu dira 15 urtetik gorakoak, guztien %43,07a. Gainera, horietatik 2.202 ibilgailuk dauzkate 25 urte baino gehiago.

15 urtetik beherakoak, hortaz, 11.695 ibilgailu dira: 8 eta 15 urte bitartekoak 4.906; 4 eta 8 urte artekoak 4.341; eta lau urtetik be­he­rakoak 2.448 ibilgailu baino ez.

Herriz herri ere, oso altua da ibilgailu parkearen batazbesteko antzinatasuna. Aranok dauka ibilgailu parke zaharrena, 15,5 urteko batazbesteko antzinatasunarekin. Goizuetan 13,7 urtekoa da; Hernanin 12,3 urtekoa; eta Astigarragan 11 urtekoa.

Gasolina bidezkoak edo dieselak, ibilgailuen %97,56

Ibilgailuen antzinatasunak erakutsitakoaren ildotik, gutxi dira, 2023ko datu horien arabera, ibilgailu elektrikoak bailaran: 169 ziren denera, guztien %0,75. Petrolio-gas likidotu bidezkoak ziren beste 78 ibilgailu. Ia ibilgailu guztiak ziren gasolina bidezkoak edo dieselak, %97,56a. Dieselak dira gehiago, 11.849, gasolina bidezko 10.107 ibilgailuen aurrean.

Ibilgailuen antzinatasuna eta ezaugarriak nolakoak, hala­ko­ak dira emisioen araberako be­reizgarriak ere, bailaran. 198 ibil­gailuk bakarrik daukate 0 emisioko bereizgarria, eta 634 ibilgailuk ECO bereizgarria.

C bereizgarria daukate gehi­enek, 9.131 ibilgailuk; eta B bereizgarria beste 6.299 ibilgailuk. Bereizgarririk gabe daude 5.946.

Ia 2 milioi ibilgailu pribatu, Hego Euskal Herrian

Datu orokorragoei erreparatuta, ia 2 milioi ibilgailuko parkea dauka Hego Euskal Herriak. 1.911.518 ibilgailu pribatu dira, zehazki: 710.240 Bizkaian, 492.155 Nafarroan, 488.922 Gipuzkoan eta 220.201 Araban.

Urumea bailaran bezalaxe, kotxeak dira gehienak, nabarmen: 10 ibilgailutik zazpi, gutxi gorabehera. Gipuzkoan da pixka bat apalagoa kopuru hori, %68,3koa, motoek pisu gehiago dutelako (%14,3) gainerako lurraldeetan baino. Furgoneten eta kamioien presentzia, berriz, nabarmenagoa da Nafarroan (%15,7).

Antzinatasunari dagokionez, Nafarroako ibilgailu parkea da Hego Euskal Herriko zaharrena, 15,2 urteko batazbesteko antzinatasunarekin. EAEn, 14,5 urtekoa da.

Eta erregai bidezko ibilgailuek jarraitzen dute nagusi izaten, eta gora egin du gasolindegi kopuruak azkeneko 10 urteotan, nabarmen, EAEn: 2014an 274 gasolindegi zeuden, 2020an 314, eta 2024an 362.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!