Motiboa edozein dela ere, gero eta gehiago mugitzen gara, herri barruan zein beste herri edo hiri batera. Begibistakoa da hori, eta hala erakusten dute datuek ere, Eusko Jaurlaritzaren mugikortasunari buruzko inkestaren arabera. Azkeneko bi hamarkadetan, goranzko joera nabarmena izan du herritarren desplazamendu kopuruak, Euskal Autonomia Erkidegoan.
2003an, EAEko herritarrek 5,64 milioi desplazamendu egiten zituzten lanegun bakarrean. Hurrengo lau urteetan izugarri areagotu zen kopuru hori, eta 6,09 milioi desplazamendu ziren 2007an. Beste koxka bat egin zuen gora 2011rako, egunean 6,2 desplazamendu izateraino; eta berriro gorakada haundia hurrengo bost urteetan: 6,71 desplazamendu egiten zituzten EAEko herritarrek lanegun batez, 2016an.
2021ekoa da azkeneko datua: lanegun bakarrean 6,5 milioi desplazamendu. Ezin pentsatu daiteke, ordea, mugikortasunaren goranzko joerak etena izan duenik. Izan ere, pandemia betean zegoen EAEko gizartea urte hartan, eta mugatuta zeuden desplazamenduak. Gauzak horrela, 6,5 milioiko zifra horrek, hazkundea berresten du.
Nafarroako daturik ez dago, mugikortasunari eta desplazamendu kopuruari dagokionean.
Herritar bakoitzak hiru desplazamendu egunero, batazbeste
Datu horietan, desplazamendu gisa jasotzen dira pertsona batek toki batetik bestera egindakoak, edozein arrazoi tarteko: lanera, ikastera, erosketak edo gestioak egitera, aisialdira... Multzo horretan sartzen dira garraiobide guztiekin egindako desplazamenduak: autoa, autobusa, trena, bizikleta... Eta baita oinez egindakoak ere, betiere bost minutu edo gehiagokoak badira.
EAEn, 2021eko azkeneko datu horien arabera, herritar bakoitzak 3,1 desplazamendu egiten ditu eguneko. 6,5 milioi desplazamenduetatik, erdia baino gehiago egiten dira Bizkaian (%55), eta horietatik gehien-gehienak Bilboko inguruetan (2,86 milioi desplazamendu).
Gipuzkoan, berriz, 1,91 milioi desplazamendu egiten dira lanegun bakoitzean (EAEko guztien %30), eta horietatik erdia baino gehiago izaten dira Donostialdean (%53).
Gipuzkoako desplazamenduen %44, ibilgailu pribatuan
Ibilgailu pribatua da gehien erabiltzen dena, desplazamendu horietarako. Gipuzkoarekin jarraituta, desplazamenduen %44 egiten da ibilgailu partikularretan. Beste %42 dira oinez egindakoak, eta soilik %13a garraio publikoa erabilita.
EAEko datuetara bueltatuta, ordea, oinez egiten dira desplazamendu gehien (%45), eta %38a dira ibilgailu pribatuan egindakoak. Garraio publikoak %13ko erabilera dauka EAE mailan ere. Datu horiek, dena den, dezente aldatzen dira adinaren eta sexuaren arabera. Gizonezkoen artean, ibilgailu pribatua da erabiliena (%46), oinezko desplazamenduen aurretik (%39). Emakumezkoek, aldiz, oinez egiten dituzte desplazamendu gehien (%51), eta nabarmen gutxiago ibilgailu pribatuan (%30). Garraio publikoa ere, gehiago erabiltzen dute emakumeek (%16), gizonek (%11) baino.
Eguneroko desplazamenduen %70 izaten dira udalerri barrukoak EAEn, baina kopuru hori txikiagoa da Gipuzkoan (%62), desplazamendu gehiago egiten baitira lurralde osoan zehar.
Desplazamenduen ia erdia, lanera edo ikastera joateko
Askotarikoak izan daitezke desplazamenduen arrazoiak, baina ia erdia izaten dira lanarekin edo ikasketekin lotutakoak: %30 lanera joateko, eta %12 ikasketetarako. Pisu nabarmena daukate erosketak eta gestioak egitera joateko desplazamenduek ere, guztien %29a baitira. Aisialdirako, berriz, %22a dira.
Hori ere aldatu egiten da sexuaren arabera. Gizonezkoen artean, lana (%32) da desplazamenduetarako motibo nagusia, eta atzetik daude erosketak eta gestioak egiteko (%25,2) zein aisialdirako (%23,3) desplazamenduak. Emakumezkoak, aldiz, erosketak eta gestioak egitera (%32,2) mugitzen dira gehien, lanera joateko (%27,7) zein aisialdirako (%20,8) baino gehiago.
Garraio publikoaren erabilerak, gorakada
Ibilgailu pribatua da erabiliena Gipuzkoan, desplazamenduetarako; eta kopuru txikia da garraio publikoari dagokiona, oraindik ere. Baina gorakada izan du garraio publikoak lurraldean, azken urteetako datuen arabera.
Trenez eta autobusez egindako desplazamenduek, denera, %15,68 egin zuten gora 2022tik 2023ra, Gipuzkoan: 71,05 milioi bidaia izan ziren 2022an, eta 82,2 milioi 2023an. Lehenagotik ere bazekarren goranzko joera, pandemia garaian nahitaezko beherakada izan baitzuen: 48,47 milioi bidaia izan ziren 2020an, eta 59,88 milioi 2021ean.
Edonola ere, pandemiaren aurreko urtean, 2019an, 77,07 milioi bidaia izan ziren Gipuzkoan trenez eta autobusez egindakoak. Hortaz, kopuru hori gainditu zen 2023an, dagoeneko. Kontuan hartu behar da, halaber, azkeneko urteetan deskontu potoloak aplikatu direla garraio publikoan, erakunde publikoek sustatu eta finantziatuta.
2023ko bidaia kopuru horretan sartzen dira hainbat zerbitzutakoak: Renferen trenetan egindakoak dira 7,17 milioi bidaia, Euskotrenenekin 15,92 milioi bidaia, herri arteko autobusetan 55,83 milioi bidaia, DBusen autobusetan 29,6 milioi bidaia, eta herri barruko autobusetan 3,28 milioi bidaia (gehienak Irungoan, 1,92 milioi).
Urumea bailaran zerbitzua eskaintzen dutenek, daturik onenak 2023an
Bidaia kopuruaren bilakaera, ordea, ez da berbera izan zerbitzu guztietan. Urumea bailara zerbitzua eskaintzen dutenek, 2023ko azkeneko horiek izan dituzte bere daturik onenak, bidaia kopuruari dagokionean.
Renfek, esaterako, beheranzko joera zeramakien pandemiaren aurretik, baina gorakada nabarmena izan du pandemiaren ondorengo urteetan. 2013an 6,67 milioi bidaia egin zituzten herritarrek Renferekin, eta ordutik behera egin zuen kopuruak, 2019an 5,86 milioi bidaia izateraino. Pandemiako urteek are datu apalagoak utzi zituzten (4,09 milioi 2020an, eta 4,74 milioi 2021ean), baina hortik aurrera suspertu egin da: 6,31 milioi bidaia 2022an, eta 7,17 milioi 2023an.
Herri arteko autobus zerbitzuek, aldiz, goranzko joera etengabea zeramakiten 2013tik pandemiara bitarte: 2013an 21,12 milioi bidaia izan baziren, 2019an 25,29 milioira iritsi zen kopurua. Pandemia garaian izan zuen halabeharrezko etenaldia (15,48 milioi 2020an eta 19,26 milioi 2021ean), baina indarra hartu du berriro: 22,72 milioi bidaia 2022an, eta bere daturik onena 2023an, 26,23 milioi bidaiarekin.
Eta erdibideko zerbait gertatu da Hernaniko Hiribusaren kasuan. Zerbitzuak goranzko joera izan zuen 2015etik (35.435 bidaia) 2017ra (37.945 bidaia), baina behera egin zuen hurrengo bi urteetan, 2019an 35.618 izateraino. Pandemiako bi urte gogorrenetan 18.271 eta 20.094 bidaia izan zituen, eta gorakada izan du hortik aurrera, bere datu onenak lortzeraino: 2022an 30.379 bidaia izan ondoren, 39.096 bidaiara iritsi zen 2023an.