Mugikortasunak eta ibilgailu kopuruak, hazkunde etengabea

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 29a, 00:00

Desplazamenduen %13 soilik egiten dira garraio publikoa erabilita, Gipuzkoan.

Gero eta gehiago dira desplazamenduak egunerokoan, Hego Euskal Herrian; kasu gehienetan lanera. Hori horrela, nabarmen haunditu da ibilgailu parkea ere, Urumea bailaran: 1.332 ibilgailu gehiago, 2019tik 2023ra.

 

Lanera edo eskolara joateko, erosketak egiteko zein aisialdirako, herritar gehien-gehienen egunerokotasunean txertatuta daude desplazamenduak, izan ibilgailu partikularretan, garraio publikoan edo oinez. Eta hala baieztatzen dute datuek: oso nabarmen egin dute gora desplazamenduek Hego Euskal Herrian, azkeneko urteotan; eta horrekin batera, baita ibilgailu kopuruak ere.

Gai horri heldu diogu hilabete honetan, Saretzen egitasmoaren barruan, Tokikomeko hedabideok eta EITBk elkarlanean. Datu ugari bildu ditugu, Euskal Herri mailan, lurraldeka zein herriz herri: ibilgailu parkearen bilakaera, eguneroko desplazamenduen nolakotasuna, garraio publikoaren erabilera, gasolindegiak, ibilgailu elektrikoen kargarako puntuak...

Euskal Autonomia Erkidegoan, lanegun batean 6,5 milioi desplazamendu egiten dira; horietatik erdia baino gehiago Bizkaian (3,5 milioi), eta ia hiru milioi Bilboko ingurunean bakarrik. Gipuzkoan, berriz, 1,9 milioi desplazamendu izaten dira egunero, eta erdia baino gehiago Donostialdean (%53). Horrela, biztanle bakoitzeko 3,1 desplazamendu izaten dira egunean. Nafarroako daturik ez dago, eguneroko mugikortasunari dagokienean.

Lanera edota ikastera joateko izaten dira desplazamendu gehi­enak, %42a guztira (%30 lanera eta %12 ikastera). Baina mugikortasuna oso haundia da erosketak edo gestioak egitera joateko ere (%29), eta aisialdirako desplazamenduek ere toki nabarmena daukate (%22). Zehaztu behar da, dena den, arrazoiak aldatu egiten direla sexuaren arabera. Gizonezkoen artean, desplazamenduen %32 izaten da lanera, %25,2 erosketetara edo gestioak egitera, eta %23,3 aisialdira. Ema­kumezkoetan, berriz, eroske­tak eta gestioak dira motibo nagusia (%32,3), lanerako izaten dira %27,7, eta aisialdirako %20,8.

Urumea bailaran, 1.332 ibilgailu gehiago lau urtetan... eta pandemia tarteko

Desplazamendu horiek egiteko, ibilgailu partikularra erabiltzen dute gehienek (%44), eta oinez mugitzen dira beste asko (%42), Gipuzkoan. Garraio publikoaren erabilera, berriz, %13koa da.

Gauzak horrela, nabarmen egin du gora ibilgailu kopuruak ere. Urumea bailaran, zehazki, lau urtean 1.332 areagotu da ibilgailu parkea: 21.171 ibilgailu ziren 2019an, eta 22.505 ibilgailu 2023an. Kontuan hartu behar da, gainera, Covid-19aren pandemia izan zela tartean. Ibilgailuen artean, gehienak dira kotxeak, 13.683 guztira. Furgonetak 1.912 dira Urumea bailaran, eta kamioiak 1.802. Motoen kopurua ere nabarmena da, 3.423rekin; eta beste 568 ziklomotor ere badaude.

Nabarmentzekoa da, gainera, 15 urtetik gorakoak direla ibilgailuen oso kopuru haundi bat. Zehazki, 22.505 ibilgailu horietatik, 9.693 ziren 15 urtetik gorakoak, 2023an; ibilgailu guztien %43,07, alegia.

Gaiaren inguruko irakurketa sakona, datorren astean Kronikan

Datu horiek guztiak eta gehiago ardatz hartuta, gaiaren inguruko irakurketa sakona landuko dugu datorren astean Kronikan, testuen zein grafikoen bitartez. Gaur zortziko alean izango ditugu hizpide ibilgailu parkearen bilakaera eta ezaugarriak, desplazamenduen nolakotasuna, ga­­rraio publikoaren erabilera, ibil­gailu elektrikoen kargarako pun­tuak, gasolindegiak...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!