Ander Lizeaga eta Aiatz Hernani bikote hernaniarrak irabazi zuten Gipuzkoako Mus Txapelketa, pasa den larunbatean, Itsasondoko frontoian. 115 bikote aritu ziren nor baino nor eta azkenean bi gazte hernaniarrek lortu zuten txapela. Finalean, Zaldibiko Beni Gallurralde eta Arantxa Luluaga garaitu zituzten. Euskal Herriko Mus Txapelketaren barruan jokatu ziren zazpi herrialdeetako finalak eta apirilaren 5ean Euskal Herriko Mus Txapelketako final nazionalerako sailkapen probak ere izan ziren.
Gasteizeko Toki Eder ikastolan jokatuko da finala apirilaren 5ean, 10:00etan hasita. Zazpi herrialdetako 128 bikotek jokatuko dute final haundi hori eta bikote guztiak lurraldeetako finaletan erabaki ziren. Arabatik 16 bikote sailkatu dira, Bizkaitik 10 bikote, Behe Nafarroatik 18 bikote, Gipuzkoatik 32 bikote, Nafarroa Garaitik 32 bikote, Lapurditik 14 bikote eta Zuberoatik 6 bikote.
Hernaniko bikoteentzat oso saio arrakastatsua izan zen. Itsasondoko finalean Ereñotzuko eta Hernaniko hamahiru bikotek hartu zuten parte eta Euskal herriko Txapelketara sailkatu ziren 32 bikoteetatik bost Hernanikoak dira. Ander Lizeaga eta Aiatz Hernani txapeldunez gain Gasteizeko finalera sailkatu dira: Gorka Lekuona eta Iraitz Irazu, hamaikagarren; Xabier Lizeaga eta Joxeba Lizeaga, hemezortzigarren; Ander Gonzalez eta Unai Zamarreño, 27garren, eta Joxan eta Hodei Egaña aiata-semeak 29garren. Beste bederatzi bikoteek ez zuten sailkapena eskuratu.
Nafarroa Garaiko txapelketa Iruñean izan zen eta bertan izan ziren Jon Urdanpilleta eta Oier Miranda goizuetarrak. Ez ziren 32 bikote onenen artean sailkatu.