Fernando Gallego nagusi izan da etxean, Benta Berriko tiraldian

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 25a, 00:00

Hernaniarrak lortu zuen garaipena, Ibon Miner ereñotzuarraren aurretik, Gipuzkoako Koparen estreinakoan.

 

Garaipen ederra lortu zuen Fernando Gallego hernaniarrak, igandean. Etxeko bolatokian, Benta Berrin, tiraldi bikaina egin zuen Gallegok, eta 49 brilarekin nagusitu zen, Ibon Miner ereñotzuarraren (48 brila) aurretik.

Bata bestearen atzetik, sei brila bota zituen hernaniarrak, tiraldiz tiraldi; eta zazpi ere bota zituen, horietako batean. Bere txanda bukatu zuenean, txalo zaparrada jaso zuen bertaratuen aldetik. Zazpiko hori izan zen Minerrekin aldea markatu zuena, seikoak egin baitzituen denak ereñotzuarrak.

Gipuzkoako Koparen estreinako tiraldia zen Hernanikoa, baina ez du txapelketan parte hartuko Gallegok, ezingo baitu tiraldi guztietan aritu. Hori horrela, Ibon Miner da aurreneko liderra gizonezkoetan, Ander Etxebesteren (47) aurretik. Bosgarren dago Mikel Arroio, 46 brilarekin; eta seigarren Joxe Mari Etxebeste, 44 brilarekin.

Emakumezkoen artean, berriz, laugarren izan zen Rosa Santos astigartarra, 28 brilarekin. Olatz Larrañagak lortu zuen garaipena, 40rekin.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!