Apirila

EH Bildu nabarmen nagusitu zen bailaran, eta EAEn berdinduta izan ziren EAJ eta EH Bildu

Kronika - Erredakzioa 2024ko abe. 20a, 09:16

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, EH Bilduk botoen %53,67 eskuratu zuen Hernanin, eta %47,57 Astigarragan. EAEn oso parekatuta izan ziren EAJ-PNV eta EH Bildu, eta 27 legebiltzarkide lortu zituen alderdi bakoitzak.

Duela lau urte bezalaxe, EH Bildu izan zen alderdi bozkatuena Urumea bailaran, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Nagusitasun haundiagoa izan zuen oraingoan, gainera, bai Hernanin eta bai Astigarragan.

%60,34ko partehartzearekin, botoen %53,67 eskuratu zuen EH Bilduk Hernanin (5.035 boto guztira). EAJ-PNVk 2.202 boto eskuratu zituen (%23,47); eta PSE-EE izan zen hirugarren indarra, 1.027 botorekin (%10,95). Elkarrekin Podemosek 327 boto jaso zituen (%3,49), Sumarrek 308 boto (%3,28), eta PPk 290 boto (%3,09).

Partehartzea pixka bat haundiagoa izan zen Astigarragan, %61,03koa zehazki. EH Bilduk lortu zuen botoen %48,56 (guztira 1.657 boto). Eta Hernanin gertatu bezalaxe, EAJ-PNV (994 boto, %29,13) eta PSE-EE (300 boto, %8,79) izan ziren bigarren eta hirugarren indarra. Sumarrek 151 boto lortu zituenu (%4,43), PPk (134), Elkarrekin Podemosek (73) eta VOXek (49) baino gehiago.

Esan bezala, bi herrietan are­agotu zuen bere nagusitasuna EH Bilduk. Hernanin botoen %49,05 eskuratu zuen 2020an, eta Astigarragan botoen %43,12.

27na legebiltzarkide, EAJ-PNVk eta EH Bilduk

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, %62,5eko partehartzearekin, oso parekatuta izan ziren EAJ-PNV eta EH Bildu; eta parekotasun hori islatuko da Eusko Legebiltzarraren osaketan: 27na legebiltzarkide lortu zituzten bi alderdiek. Botoen %99,74 zenbatuta, alderdi jeltzalea izan zen bozkatuena EAEn, botoen %35,22 eskuratuta. EH Bil­duk botoen %32,51 lortu zuen.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!