Ez da goizuetarrik izango finalean, desenpatean galdu baitu Apezetxeak ere

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 24a, 00:00

Oso partidu estuan, 2-1 galdu zuten goizuetarrak eta Susperregik, Berria torneoko semifinalean.

Ez da Berria Txapelketaren finalean izango, Oier Apezetxea goizuetarra ere. Aritz Zubiri herrikideak bezalaxe, semifinaletan esan behar izan dio agur torneoari. Larunbatean galdu zuen berea, Ugaitz Susperregirekin batera, Ander Goikoetxearen eta Joseba Goikoetxearen kontra.

Ezin estuagoa izan zen semifinala, eta desenpatean egin zion ihes finalerako txartelak Apezetxeari. Aurreneko jokoan nagusi izan ziren bera eta Susperregi, baina Goikoetxeatarrak gainera etorri zitzaizkien, 14na berdintzeraino. Azkeneko tantoa beraien aldera erori zen, ordea, eta 15-14 irabazi zuten aurrenekoa jokoa.

Bigarrenean, aldiz, kontrakoa gertatu zitzaien. 7-10 galtzen izan ondoren, 11-10 hartu zuten aurrea Susperregik eta Apezetxeak, baina Goikoetxeatarrek hartu zuten aginte azkeneko tantoetan, eta 14na berdinduta izan ziren berriro. Oraingoan, ordea, urdinek eskuratu zuten tanto erabakigarria.

Gauzak horrela, desenpatean jokatu zuten finalerako txartela, eta eskura zutenean egin zien ihes Susperregiri eta Apezetxeari. Nagusi izan ziren jokoaren hasieran, eta 6-3 aurreratu ziren markagailuan. Hortik aurrera, ordea, urdinek egin zituzten tanto guztiak, bost segidan. Seinakoa izan zen partidu osoko tantorik ederrena, eta azkeneko biak Ander Goikoetxeak lortu zituen atzean, pelotakada onak jota.

Urnietarrak eta zestoarrak datorren larunbatean jokatuko dute finala, martxoaren 29an, Urtzi Gurrutxagaren eta Aritz Eskuderoren kontra. Arratsaldeko 15:15etan izango da, Galarretan.

 
Urriza eta Barrenetxea hiruren kontra, finalaren ondoren

Datorren larunbateko jaialdi horretan, beste partidu oso berezi bat ere izango da, finalaren ondoren. Elkarrekin jokatuko dute Javier Urrizak eta Endika Barrenetxeak, hiru erremontistaren kontra: Kemen Aldabe, Beñat Segurola eta Xabier Azpiroz.
Herenegun, hernaniarrak eta Aldabek 15-10 eta 15-7 mende­ra­­tu zituzten Imanol Ansa eta Aritz Juenenea, estelarrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!