Ohiko deialdian, etzi egingo dute Plenoa Hernaniko eta Astigarragako udalek, hileko azkeneko asteartean. 18:00etan egingo dute Hernanin, eta 19:00etan Astigarragan. Azkeneko horretan ez da bereziki gai arantzatsurik landuko, eta soilik hiru puntu dauzkate eztabaidatzeko: alkateak tokiko gobernu batzarrari delegatutako eskuduntza berriak; 2025eko langile zerrendaren aldaketa zehatza; eta 2025eko autotaxi zerbitzuaren tarifak.
Hirugarren puntu horri heldu beharko diote Hernaniko Plenoan ere, autotaxi zerbitzuaren tarifen igoera onartzeko, Donostialdeko eremu bereziarekin bateratzeko. Horren aurretik, 2024ko aurrekontuaren likidazioaren berri emango dute.
Beste zazpi puntu ere izango dituzte eztabaidagai. Horien artean dago, esaterako, Hernaniko Udalaren 2025eko lanpostu zerrenda eta aurrekontu-plantillaren aldaketa onartzea. Gainera, bozkatuko dute batzorde berezi bat sortzea, kulturgune berriaren inguruko lanketa egiteko. Eztabaidagai izango da, era berean, hitzarmena sinatzea Hernaniko Energia Berriztagarrien Komunitatea kooperatiba sozietatearekin, hari uzteko Udalaren titulartasuneko eraikin eta instalazioetako estalkiak erabiltzen. Eta mozio bat ere aurkeztuko dute Plenoan, gerrateen ingurukoa, «herritarren eta bizitzaren kulturaren alde».