Asko izango ziren atzo arratsaldean, eguraldi tristea tarteko, zineaz gozatzea hautatu zutenak, Biterin. Eta are aukera zabalagoa izango da gaurkoan, bailarako kulturguneetan. Izan ere, lau film eskainiko dituzte denera, Erriberan eta Biterin. Haurrentzako eta helduentzako pelikula bana eskainiko dute bietan.
Erriberan, 'Klara eta hazi magikoaren misterioa' jarriko dute aurrena, 16:30etan hasita, haurrei zuzendutakoa. 70 minutuko iraupena dauka, eta euskeraz jarriko dute. Eta ondoren, 'Vermiglio' filma eskainiko dute, 19:00etan hasita, gaztelaniaz. Bi orduko filma da, Italiako Alpeetako herri batean kokatua, Bigarren Mundu Gerraren bukaeran.
Biterin, berriz, atzo bezala 'Anora' filma jarriko dute gaur helduei zuzenduta, arratsaldeko 19:30etan. Bihar ere izango da filma ikusteko aukera, bi txandatan, 16:30etan eta 19:30etan. Haurren filma, aldiz, aldatu egingo dute: 'Looney Tunes' jarri zuten atzo, eta 'Paddington, aventura en la selva' eskainiko dute gaur, 16:45etan, Amazoniako oihanean eta Peruko mendietan kokatutakoa. Film hori bera izango da ikusgai datorren asteburuan ere, Biterin.