Su-etena adostu eta bi hilabetera, Israelek Gaza bonbardatu zuen berriro, joan den astelehenetik astearterako gauean. Hori salatzeko, manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean Donostian, eta mobilizazio gehiago ere deitu dituzte. Hezkuntzaren arloan, esaterako, biharko egin dute deialdia: ikastetxe guztien atarietan, urgentziazko kontzentrazioak deitu ditu Gure Haurrak ere Badira egitasmoak.
Klaseak hasi aurretik edota bukaeran kontzentrazioak burutzeko deia egin dute, «Palestinarekiko elkartasunean eta bereziki haur palestinarren defentsan»; eta horiekin bat egitera animatu dituzte eskola eta institutu guztiak.
Deialdi horrekin bat eginez, eta Hernanin kontzentrazioak bateratzeko asmoz, bihar arratsalderako jarri dute hitzordua herriko ikastetxe guztiek, Hernaniko Hezkuntza Plataformaren bitartez. Zinkoenean egingo dute kontzentrazio zaratatsua, arratsaldeko 16:45etan hasita.
«Hernaniko ikastetxe guztiek, bat eginik, dei egiten diogu ikas komunitate osoari, irakasle, ikastetxeetako langile, familia zein herritarrei, zarata egitera etortzeko. Erailtzen ari diren haurrak ere, gureak balira bezala sentitzen ditugulako, aski da! Eutsi Palestina! Israel kanpora!», aldarrikatu dute.
«Ezin dugu basakeria hau normalizatu»
Ildo beretik egin du urgentziazko kontzentrazio deialdia Gure Haurrak ere Badira egitasmoak: «Israelgo armada sionistak, AEBen laguntzarekin, su-etena apurtu eta beste sarraski bat egin du. Lotan ziren bitartean, 400 zibil palestinar baino gehiago erail ditu ordu gutxitan, horietako gehienak haurrak. Beste behin ere, Palestinako herriaren suntsipen sistematikoaren lekuko izan behar dugu. Gure barrenak berriz ere irauli dizkigute, eta inpotentzia da nagusi. Jada suntsitua den herrialdean, hondakin artean bizi diren gizon, emakume eta haurrak bonbardatzen ari dira inolako bereizketarik gabe».
Horren aurrean, Europa «modu lotsagabean beste aldera begira» dagoela salatu dute: «Ezin gara ixilik geratu. Ezin dugu basakeria hau normalizatu. Erailtzen ari diren haur horiek gure seme-alabatzat hartu, guraso horiek gure arreba-anai bezala sentitu eta lau haizetara oihukatu behar dugu, aski da! Gure gobernu eta erakundeei eskatzen diegu genozidio honen aurka argi eta tinko posizionatu daitezela. Neurriak har ditzatela, euskal herritarrok sarraski honen konplize izan ez gaitezen».
Horregatik, biharko kontzentrazioekin bat egiteko deia luzatu dute: «Altxa ditzagun gure ahotsak, denontzako etorkizun duin baten alde; okupazioaren, apartheidaren eta genozidioaren aurka. Sarraskiaren eta zigorgabetasunaren berehalako amaiera exijitu dezagun! Sionismoa gizateriaren etsaia da, eta Palestina askatzea ez da aukera bat, denontzako betebehar bat baizik!», adierazi dute.