Israelen genozidio saiakeraren aurka, manifestazioa gaur Donostian

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 22a, 00:00

Ostegunean bertan manifestazioa izan zen Donostian.

Gernika-Palestina ekimenak deitu du mobilizazioa 17:30etan Boulebarretik Sagueseraino.

Bi hilabeteko su-etenaren ondoren Israelek hautsi eta berriz eraso egin die palestinarrei, Gaza bonbardatuta, 400 hildako baino gehiago eraginez. Horren aurrean, Gernika-Palestina ekimenak mobilizazio nazionala deitu du gaurko, Donostian. Manifestazioarekin bat egin dute eragile sozial, politiko eta sindikal askok eta askok.

Mobilizazioa Boulebarretik abiatuko da, 17:30etan, eta Sagueseraino joango da. Funtsean, nazioarteko komunitateari eskatzen dio «dituen baliabide guztiekin Israel behartu dezala nazioarteko erabakiak behingoz betetzeko eta su-etenaren bideari itzultzeko Palestinako herriaren eskubideak bermatze aldera, hau da, Palestinak justizia, lurra eta bakea izan ditzan».

Ohar batean adierazi duenez, «itxaropenez» bizi izan dituzte su-etena iraun duen azken bi hilabeteak. Hala ere, Israelek «Trumpen babesarekin eta nazioarteko komunitatearen isiltasunarekin» su-etenari jarraipenik eman ez diola deitoratu du. «Beste behin ere, genozidioaren aldeko hautua egin du palestinar herria krudelkeriaz bonbardatuz eta umeak jopuntuan jarriz», gaineratu du herri ekimenak.

Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ere mobilizazioak iragarri dituzte.
 

'Gure Haurrak ere Badira' egitasmoak kontzentrazioak deitu ditu etzirako

Bestetik, Gure Haurrak ere Badira egitasmoak Euskal Herriko ikastetxe guztietan urgentziazko kontzentrazioak deitu ditu etzi astelehenean, martxoaren 24ean, eskola sarreretan, eskola hasi aurretik edo amaitzean. Bailarako ikastetxeak ere deituak izan dira eta kontzentrazioak antolatuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!