Partidu gogorra jokatuko dute gaur Hernaniko Ohorezko Erregional mailako mutilek. Añorga liderraren bisita jasoko du Hernanik Zubipen, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Pasa den asteburuan Deustoren aurka lortutako garaipenak konfiantza emango dio taldeari, eta etxean sorpresa ematen saiatuko da.
Gaurkoan, ordea, gogotik egin beharko dute lan berdeek. Izan ere, Añorgak zazpi garaipen kateatu ditu dagoeneko, eta nagusitasun haundia erakusten ari da ligako bigarren itzuli honetan. Igoera zuzena lortzeko hautagai sendoena da.
Hernani jada sailkapeneko gune epelera hurbiltzen ari da; hamabigarren postuan dago, beheko postuetatik pixkanaka urruntzen, eta denboraldia ahalik eta ondoen bukatzea da orain helburua.
Ordu berean hasiko da Zarkumendegin Mundarroren eta Danenaren arteko partidua. Sailkapenean gorago daude zizurkildarrak, baina azkenaldian jarraikortasun gutxi dute. Mundarroren kasua ere antzekoa da, denbora darama taldeak garaipenak kateatu gabe, eta gaurkoa aukera ona izan daiteke hiru puntuak lortu eta postuak aurreratzen hasteko.
Denboraldia bukatzeko zazpi jardunaldi geratzen diren honetan, mailari eusteko bide onean dago Mundarro. Hamabigarren postuan dago taldea, 26 punturekin; baina oso estu daude kontuak orokorrean, bost talde baitaude bost puntu exkaxen bueltan.
Irungo Ventasen jokatuko dute Euskal Ligako neskek
Jardunaldi garrantzitsua da gaurkoa Hernaniko Euskal Ligako nesken taldearentzat. Mariñoren kontra arituko dira Ventaseko zelaian, eta irabazi ezkero aurrerapauso polita eman dezake taldeak. Aurkari gogorrenen aurka lehiatzeko prest dagoela askotan erakutsi du Hernanik, aurreko astean Elorrio indartsuaren aurka 3-3 berdindu zuen, eta puntu hori hobetu nahi du gaur beste hiru lortuta. Dagoeneko lau partidu daramatza porrotik jaso gabe.
Mariño ez dago urteko unerik onenean. Aurreko asteburuan 1-5 irabazi bazuen ere, aurretik bi porrot jaso zituen jarraian. Hala ere, etxean talde bereziki indartsua izaten jarraitzen du.