«Erreferenteak sortzeko premia ikusi genuen, elkar ezagutzeko zein babesteko»

Aiurri 2025ko mar. 22a, 00:00

Buruntzaldeko transmaribibollo sareko kideetako batzuk.

Lumakadaka Eguna antolatu du Buruntzaldeko trasnmaribibollo sareak. Goizean hasita eta ordu txikietara bitarte, askotariko hitzorduak izango dira Andoainen, hilaren 29an.

Taldearen lehen urteurrena igaro berritan, lehen Lumakadaka Eguna ospatuko du Buruntzaldeko transmaribibolloen sareak hilaren 29an, Andoaingo gaztetxean. Hausnarketarako ez ezik, ospakizunerako tartea ere izango da prestatu duten egitarauan. “Buruntzaldea kuirra lumakadaka” lelopean, beren “lumaje ederrena” erakusteko prest dira.

Zuen izenak iragartzen duen bezala, Buruntzaldea eskualdeko herrietako kideek osatzen duzue taldea.

Bai, hala da, gure eskualdeko herri guztietako kideak daude taldean. Egia da, batez ere, Hernaniko zein Andoaingo jendea dagoela, gehienbat; beharbada, bi herrien tamainak zerikusia izan dezake horretan. Dena dela, gainerako herrietako kideak ere badira. Garrantzitsua da hori, Buruntzaldea osoko ikuspegia kontuan hartzeko, toki guztietako errealitateen berri edukitzeko aukera ematen baitigu horrek.

Orain urtebete batu zineten, lehen aldiz, gutxi gorabehera. Zerk bultzatuta?

Joan den urteko otsailaren hasieran ekin genion saretzeari. Lasarte-Orian izan zen lehenengo bilera, bertako transmaribibollo taldeak dinamizatuta. Erantzun ona jaso zuen deialdiak, ia herri guztietako kideak gerturatu baikinen bertara, hogei bat edo. Hasteko, herri bakoitzeko aktibazio-maila eta baliabideak partekatu genituen, eta, ondoren, hausnarketa sakonagoetara jo genuen: “Zergatik eta zertarako behar dugu Buruntzaldeko transmabiribollo sarea? Zer egin nahiko genuke?”. Gauzak horrela, urtebeteko bidea osatu berri du taldeak eta askotariko ekintzak egin ditugu, egun seinalatuetan. Espazio ez formalei ere garrantzia eman diegu, gure arteko harremanak estutze aldera.

Eta, hori horrela, zergatik eta zertarako behar du Buruntzaldeak transmaribibollo sarea?

Nor bere herritik, errealitatetik etorri arren, badira partekatzen genituen zenbait kezka: komunitate baten falta sentitzen genuen, eta horrek bakardade sentsazioa eragiten zuen. Auziari dagokionez, antolatu gabeko pertsonak eta herriak zeudela identifikatu genuen. Bestalde, inportantea iruditzen zitzaigun mugimendua deszentralizatzea, alegia, guretzat pisua du tokikotasunak, sexu-genero disidenteon aldarrikapenak hiriburutik harago ere entzun daitezen. Horregatik, erreferenteak sortzeko premia ikusi genuen, elkar ezagutzeko zein babesteko. Finean, komunitatea sortu nahi dugu, eskualde-sena egonkortzeko. Horrela, indarrak batuta, eragiteko gaitasuna biderkatu egiten da, proposamen eta ideiak partekatuz, eskubideak aldarrikatzen jarraituz, erakundeak interpelatuz eta abar.

Barrura begira ere ipini gara, taldea osatzen dugun kideontzat espazioa gozagarria izan dadin: sormenari zein aisialdiari lotutako ekintzei ere tokia eman diegu. Hortik sortzen da, esaterako, Lumakadaka Eguna. Nolanahi ere, beste hitzordu batzuk egin dira gure artean saretzen eta gozatzen jarraitzeko, hala nola Bollotopaketen aurkezpena, Anita Doinelen “Me lo merezco” liburuaren aurkezpena…

Zein da, eskualdeari begira, egiten duzuen irakurketa? Zein toki du kolektiboak zuen herrietan?

Txikia, oso txikia. Eta, hain justu, hortik sortzen da elkartzeko beharra, indarrak batzeko. Bilerak eta kanpora begirako ekintza guztiak, aldiro, herri ezberdinetan izaten ahalegintzen gara, presentzia bermatzeko.

Urtebeteko bidea egin berritan, egun osoko egitaraua prestatu duzue, Andoaingo gaztetxean, martxoaren 29rako. Besteak beste, ikusgarritasuna lortzea al duzue xede?

Hein batean, bai. Aste hauetan, adibidez, egunaren harira, pankartak eta kartelak ipini ditugu Buruntzaldea osoan, hemen gaudela, antolatuta gaudela esateko. Halere, martxoaren 29an eskualdetik harago ere jo nahi dugu, inguruetako kideak gonbidatu eta esperientziak partekatzeko. Aurretik aipatu ditugun beharrak asetzeko aitzakia ere bada egitaraua. Urte osoko lanketaren emaitza da eguna eta Andoaingo kaleak aldarriz eta lumaz betetzera goaz!

Kolektiboarenganako gorroto-diskurtsoak biderkatzen ari diren sasoian, makina bat talde dago antolatuta Euskal Herrian. Mapa horren argazki orokorra egitea al da asmoa goizeko mahainguruan?

Euskal Herriko esperientzia kuirrak ezagutzeko asmoz, hainbat txokotako taldeak etorriko dira gurera, “Tokian tokiko lumakadak” mahainguruan parte hartzeko. Lurraldetasunak garrantzia du hitzorduan, toki batetik bestera testuingurua aldakorra dela ulertzen baitugu: Laudioko zein Baionako lagunek beren esperientzia partekatuko digute. Hala, Euskal Herriko taldeen artean elkarrizketa sustatu nahi dugu, konplizitatea sortu, problematikari erantzun kolektiboa emateko.

Gaztetxetik kanpo, kaleak hartzeko tartea ere hartuko duzue bazkaldu aurretik.

Hori da, lehen esan dugun bezala, ikusgarritasuna eman nahi diogu kolektiboari. Gaztetxetik kanpo ere izango gara, Andoaingo kaleetan barrena, marianitadarekin, gure lumaje ederrena erakusteko prest!

Arratsaldean jolaserako tartea izango da MerendOkarekin. Ospakizun-giroan egonda ere, ba al da eragiterik?

Jakina, eta nahita hartutako erabakia da. Modu askotan sortu daiteke azkura, baita ospakizun-giroan ere. Jolasa oinarri duen MerendOkak aukera emango digu kolektiboaren gaineko hausnarketak egiteko. Bide beretik doa gaueko eskaintza: jaia bai, borroka ere bai. Bi aldeak uztartu daitezke. Iluntzean, performance inprobisatua egingo du Tukanak, eta, 21:30etik aurrera, kontzertuak izango dira: Alu Zikinak, MJPQ, Dj Azkura…

Izen-ematea itxi den arren, izango al da aukerarik egunean bertan hitzorduren batera gerturatzeko?

Bai, goizeko zein arratsaldeko ekintzetara etortzeko aukera dago, baita gauekoetara ere, sarrera ordainduta. Sexu-genero disidenteok sortutako jaialdia dela azpimarratzen dugu, aurretik aipatutako helburuekin, eta ateak irekita izango ditugu bertara gerturatu nahi duen ororentzat. Hori bai, ez baldin badakizu egoten, EZ etorri!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!