Kronikaren 25garren urteurrena ospatzeko ekitaldien artean, punta-puntako bertso saioa izango da apirilaren 4an, Astigarragako Erribera kulturgunean, arratsaldeko 19:00etan hasita. Kronikaren gertukoak izango dira bertsolariak eta gai-jartzailea, eta saio indartsua bezain ederra entzuteko aukera izango dute bailarako herritarrek: kantuan arituko dira Agin Laburu, Andoni Rekondo, Maialen Lujanbio, Unai Agirre eta Jexux Mari Irazu, Aritz Zerainek jarritako gaiei tiraka.
Orain arte, Kronikakide zirenek soilik eskuratu zitzaketen sarrerak; baina gaurtik aurrera, herritar guztiek erosi ahal izango dute jarduerarako pasea.
Sarreren salmenta bi lekutan egingo da, 10 euroan: batetik, Kronikaren bulegoan bertan (Larramendi kalea 11 behea, Hernani); eta bestetik, Astigarragako Ikatza tabernan.
25 urte beteko ditu Kronikak aurtengo San Joan bezperan, eta hainbat ekintza izango dira urtean zehar, hori ospatzeko. Otsailaren 13an egin genuen aurrenekoa, Kronikaren ibilbideari errepasoa egiteko mahai ingurua, Biterin. Eta egun horretan inauguratu genuen erakusketa ere, ale bereziekin, argazki zaharrekin zein bitxikeriekin. Bertso jaialdia izango da hurrengoa, eta laster etorriko dira ekintza gehiago ere!