Unax Otegi (Iruki-Donostialdea) hernaniarrak hirugarren amaitu zuen igandean, Azpeitiko 42. San Jose txirrindulari lasterketan. Junior mailako txirrindulariek urteroko hitzordua izan zuten Azpeitin, Lagun Onak txirrindulari taldeak antolatuta. 84 kilometroak egiten azkarrena Markel Aranaz Baque-Movistar taldeko txirrindularia izan zen.
Bera iritsi zen aurrena Loiola hotelaren aurreko helmugara, ibilbidea 2:11:26 denboran osatuta. Azpeitia eta Arroa Goia artean nahiz Azpeitia eta Errezil inguruetan egin zuten ibilbidea txirrindulariek, eta 77k bukatu zuten lasterketa.
Aranazen atzetik bigarren Eñaut Urkaregi Danena Tolosa taldeko txirrindularia (2:11:57) izan zen, eta haren atzetik iritsi zen Unax Otegi bera (2:13:00), hirugarren. Mendiko saria ere Aranazek eskuratu zuen, eta talde onena ere lasterketaren irabazlearena izan zen, Baque- Movistar.
Otegiz gain, Iruki taldeko beste sei txirrindularik amaitu zuten proba. Horien artean izan ziren Aimar Capdequi eta Unai Hernandez astigartarrak. 48garren eta 74garren helmugaratu ziren, hurrenez hurren.