Aner Miner bigarren, Lehendakari Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 18a, 00:00

Aner Miner ereñotzuarra, Altzan, txapeldunordearen saria jasotzen.

Oso torneo erregularra osatu du ereñotzuarrak, eta txapeldunorde izan da azkenean, Xabier Lazkanoren atzetik.

Igandean bukatu zuten, Altzan, bolako Lehendakari Txapelketa. Eta oso torneo erregularrari bukaera polita emanda, txapeldunorde izan da Aner Miner ereñotzuarra. Ezin izan zuen Xabier Lazkanoren lidertza kolokan ja­rri; are gehiago, Lazkanok berak irabazi zuen Altzako tiraldia ere, 45 brilarekin, eta denera 183 brila pilatuta nagusitu da. Baina meritu haundiko bigarren postua lortu du Minerrek, 175 brilarekin, Altzan 40 bota ondoren.

Gizonezkoen sailkapen horretan, bosgarren bukatu du Jo­xe Mari Etxebeste astigartarrak, 171 brilarekin. Ibon Miner ere­ñotzuarra (170 brila), berriz, bigarren postutik zazpigarrenera erori da, txapelketa osoko bere tiraldi kaxkarrena Altzan eginda.

Emakumezkoetan, bestalde, Martxeli Kanflanka ereñotzuarra seigarren izan zen Altzan, 23 brilarekin; eta zazpigarren buka­tu du sailkapen nagusian (83).

Datorren igandean hasiko da hurrengo txapelketa, Gipuzkoako Kopa; eta Hernanin egingo dute aurreneko tiraldia, Benta Berriko bolatokian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!