Ireki dute Euskaraldiaren laugarren edizio honetan belarriprest edo ahobizi moduan izena emateko epea. Maiatzaren 15etik 25era izango da aurten ariketa masiboa, eta ohi moduan, txapa paparrean jantzita ibiliko dira Euskal Herri osoko milaka eta milaka lagun.
Ostiralean Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean bildu ziren dozenaka lagun, herritarrak, erakundeetako ordezkariak, batzordeetan aritzen direnak eta entitateetako kideak, besteak beste, aurtengo epea ireki dela iragartzeko antolatutako ekitaldian. Euskaraldiaren nondik norakoak azaltzen, oholtza gainean ere izan ziren hainbat politikari eta koordinatzaileak.
«Euskaraldia euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua da, euskara gehiago erabiltzeko ariketa praktikoa». Hala deskribatu zuten Euskaraldia, aurkezpen ekitaldian. Irati Iciar Taupako lehendakariak nabarmendu duenez, «erabilerarentzat mesedegarri diren arau sozial berriak gizarteratu eta errotzea da Euskaraldiaren helburua, eta hori lortu du Euskaraldiak urte hauetan guztietan».
Gasteizen argi utzi zuten gero eta jende gehiagok ulertzen duela lehen hitza euskaraz egitearen garrantzia, eta elkarrizketa elebidunak gero eta arruntagoak direla gure inguruan.
Txapa jartzetik haratagoko lanketa
Denek azpimarratu dute Euskaraldiak erabilerari egiten dion ekarpena. Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak aipatu moduan, «beti diogu Euskaraldia dela euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera pasatzeko jauzia emateko ariketa; beraz, txapa jartzetik haratagoko lanketa eskatzen du: hausnarketa, jarrera, bakoitzak bere burua erronkan jartzea...».
Izenematea oso modu errazean egin daitekeela azpimarratu dute aurkezpenean. Interesa duen orok, euskaraldia.eus atariko formularioa betetzea nahikoa izango du izena emateko.
Txapa jartzearen garrantzia
Behin izena emanda, aukeratutako rolaren araberako txapa eskuratu beharko dute partehartzaileek. Batzordeak ibiliko dira buru-belarri txapak banatzen, Euskal Herriko txoko guztietan. Garrantzitsua da ariketak irauten duen 11 egunetan txapa soinean erabiltzea, aurrean den ezezagunak euskeraz badakien erakutsiko baitu txapak. «Norberarentzat baino besteentzat keinu bat da txapa», adierazi dute.