Nahikoa da, Egipton, Errege-Erreginen Ibarrean egiten ari diren indusketak direla eta, National Geographic ezagunak, tarteka, telebistaz botatzen duen dokumental bakar bat ikustea, Iruña Veleiako indusketan zer nolako txikizioa egiten ari diren jakin dezagun.
Egipton, debekatuta daukate makinaria astuna erabiltzea. Iruña Veleian 30 tonako eskabadora erabili izan dute. Eta egun, beste eskabadora txiki batekin ari dira. Egipton aitzurra, pala, paleta txikia eta bahea. Zergatik? Garrantzi handia ematen diotelako gauza txikiei: jostorratz bat topatu dute, eraztun bat, grafito txiki bat… Gauza txiki horietan, informazio handia azaldu daiteke eta. Eroen pare dabiltza Nefertiti erregina ezagunetan ezagunenaren arrasto txikiaren bila. Iruña Veleian Eliseo Gil “faltsifikatzaileak” 400 grafitotik gora aurkitu zituen, egundoko informazioarekin: kristautasun zaharra, euskara, Memoria Historikoa (gurutziltzatu mordoa: ia erdiak emakumeak)… baita Nefertiti erreginaren izena ere. Gaur egungo arduradunek makinaria erabiltzen ari dira, eta gauza txikiak zanpatzen, baita, lehen, grafitoak aurkitutako esparruetan ere. Pentsatu liteke ez dutela gauza txikiren bat aurkitu nahi, lehen Eliseo Gilek eta bere taldeak aurkitutakoaren antzekoa izan ez dadin. Hala gertatuko balitz, frogatuko litzateke Eliseo Gil eta bere taldea ez zirela faltsifikatzaileak.
Horregatik antolatu da manifestazioa Gasteizen martxoaren 30ean, 12etan, Diputazioaren aurrean, lema honekin: Argitu, ez suntsitu.
Beñi Agirre Oiartzabal
Jexux Eizagirre Portillo
Tomas Elortza Ugarte