Oraingoan ere askotariko emaitzak izan dira bailarako futbol talde nagusien artean. Hiru puntu lortu ditu Hernaniko gizonezkoen taldeak, puntutxo bat Euskal Ligako neskek eta bat ere ez Mundarrok.
Deusto 0-3 Hernani
Nagusitasunez irabaztea lortu zuen Ohorezko Erregional mailako mutilen taldeak. Partidu amaieran iritsi ziren 3 golak, eta horietako bik Oier Ezeiza atzelariaren sinadura izan zuten. 65. minutuan Ander Jimenezek aurreratu zituen berdeak, eta 75 eta 90 minutuetan iritsi ziren Ezeizaren golak.
Pasa den asteko porrotaren ondoren garrantzitsua zen Deustoren aurka irabaztea. Sailkapenean postu batzuk aurreratu ditu Hernanik, eta 12garren sailkatua da une honetan. Asteburuan Añorga liderraren aurka jokatuko du Zubipen.
Hernani 3-3 Elorrio
Elorrioren aurka garaipena eskura izan zuen Euskal Ligako nesken taldeak. Partiduaren hasieran egindako lanarekin oso itxura ona hartu zuen partiduak. Bosgarren minuturako 2-0 irabazten ari zen Hernani, Uxue Navarroren eta Elene Lujanbioren golei esker, baina bizkaitarrek buelta eman zioten markagailuari.
Asteburu honetan Mariñoren aurka jokatuko du Hernanik, Irunen.
Orioko 1-0 Mundarro
Asteburuko emaitza txarrena Mundarrorena izan da. Astigartarrek ezin izan zuten punturik lortu Mendibeltzen, baina aurkari gogor baten aurka ondo lehiatu zuten.
Asteburu honetan Zarkumendegira itzuliko da Mundarro, Danenaren aurka jokatzeko.