Salaberria-Gaskue eta Egiguren V-Bikuña lehiatuko dira, datorren larunbatean Labriten, Agirre eta Iztuetaren lekua hartu nahian B Serieko Binakako txapelketako palmaresean. Iker Salaberria goizuetarrak eta Andoni Gaskuek Idiazabalgo Igarondo pelotalekuan Senar eta Eskiroz gainditu zituzten, 22-15. Senar-Eskiroz lider iritsi dira ligaxkako azken jardunaldira, baina ez dira finalean izango. Pelotari guztiek, 2023an finalista izan zen Gaskuek izan ezik, Serie B Binakako txapeletarako lehen finala jokatuko dute.
Garaipena behar zuten derrigor, eta 17 tantoan edo gutxiagoan utzi behar zituzten kontrarioak, pasea ziurtatzeko eta egitekoa bete zuten Salaberriak eta Gaskuek.
Finaleko aurkariek, Egigurenek eta Bikuñak, ederki izerditu behar izan zuten 22-21 irabazteko Zubizarreta eta Morgatexeberria bikotearen aurka. 21-17 galtzen joan ziren eta derrigor irabazi beharra zuten finalean egoteko. Azken unean lortu zuten helburua.
Play-offetik bizirik atera diren bi bikoteak txapelaren bila lehiatuko dira Iruñeko Labriten.
Grabni txapelketan bailarako pelotariak nagusi
Pasa den asteburuan Grabni txapelketa ere hasi zen. Gipuzkoa eta Nafarroa izan ziren aurrez aurre eta bailarako pelotariek ezin hobeto hasi dute euren ibilbidea. Banaka, 22 urtez azpikoetan, Eñaut Lizeaga astigartarrak 22-21 lortu zuen garaipena Balerdi nafarraren aurka. Maila berean, baina binaka Beñat Apezetxea goizuetarrak eta Santestebanek Nafarroari eman zioten garaipena, Amiano eta Landaren aurka, haur ere 22-21.
Trinketean ere emaitzak aldekoak izan ziren. Nagusien mailan banaka Xabier Barandiaran astigartarrak 40-30 irabazi zuen Gil nafarraren kontra. 22 urtez azpiko txapelketan Jon Jara hernaniarrak erraz gainditu zuen, 40-6, Eguzkiza nafarraren aurka.
Binaka, Oier Gurutzealde astigartarrak, Tabernarekin batera, 40-33 lortu zuen garaipena Jamar eta Luquin nafarren aurka. Porrot bakarra, binaka 22 urtez azpikoetan iritsi zen. Unax Manterolak eta Aranburuk, 40-35 galdu zuten Okariz-Apeztegiaren kontra.