LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek aurrera egingo dute greba zikloarekin Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetan. Urtarrilean eta otsailean hamar greba egun egin zituzten, eta, azaldu dutenez, mobilizazio horien «arrakastak» behartu du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila «hitzarmen berrietarako proposamenak mahai gainean jartzera».
Hala ere, proposamen horiek oraindik oso urrun daude langileen eskakizunetatik, eta, horregatik, grebara joko dute berriro: martxoaren 25ean, 26an eta 27an, eta apirilaren 1ean eta 2an.
Urtarril-otsailetako protestetan, alde batetik irakasleek eta bestetik garbiketako eta sukaldeko langileek egin zuten greba; oraingoan, baina, talde biak daude elkarrekin grebara deituta, eta, mobilizazioak aparte egingo dituzten arren, bat egingo dute manifestazioetako bukaeretan. Martxoaren 25ean Bilbon egingo dute manifestazioa; martxoaren 26an, berriz, hiru hiriburuetan. Martxoaren 27an mobilizazio nagusia Donostian izango da. Apirilaren 1ean hiru hiriburuetako kaleak hartuko dituzte, eta apirilaren 2an, langile guztiek manifestazio bateratua egingo dute Gasteizen, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean amaituko da.
Sindikatuetatik diotenez, indarrean dagoen sukalde eta garbitzaileen lan hitzarmena 2009koa eta irakasleena 2010ekoa izanik, «urtarrileko eta otsaileko mobilizazioetan langileek argi eta garbi adierazi diote Hezkuntza Sailari hitzarmen horiek orain eta hemen negoziatzeko beharra, benetako edukiak mahai gainean jarriz. Hezkuntza Sailak komunikabideen aurrean negoziatzeko atea irekita duela esan du, hitzarmen berria negoziatzeko mahaietan jarrera itxia duen bitartean, negoziazioa etengabe luzatzen duenean edo gatazka desitxuratzen saiatzen denean».
Badira bi sektoreen aldarrikapenetan bat egiten duten puntuak
Badira sukalde eta garbitzaile eta irakasleen aldarrikapenetan bat egiten duten puntuak: «gero eta haundiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa hartzeko baldintzak hobetzea eta plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea eta jaiotza-tasaren jaitsierak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea».
»Era berean, Hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, langileon lan-osasuna zaindu eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea eta baita azken urteetan inposatutako atzerapausoak kentzea ere».
Sindikatuen esanetan, «adierazitako aldarrikapenak lortzeko egiazko negoziazioa gauzatzea dugu helburu, eta argi dugu langileon mobilizazioekin batera hezkuntza publikoa erdigunean jartzea eta lan baldintzak hobetzea lortuko dugula»