Gaurtik aurrera eman dezakete izena Ahobiziek eta Belarriprestek, aurtengo Euskaraldirako

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 15a, 00:00

Asteartean bildu zen Euskaraldiko herri batzarra, Hernanin.

Gaurtik aurrera eman dezakete izena Ahobiziek eta Belarriprestek, aurtengo Euskaraldirako

Bukatu da itxaronaldia. Gaurtik aurrera, Euskaraldian izena eman dezakete norbanakoek ere, eta milaka eta milaka Ahobizi eta Belarriprest batuko dira 11 eguneko ariketara, datozen bi hilabeteetan. 

Maiatzaren 15etik 25era izango da Euskaraldiaren laugarren edizioa, eta aurrekoetan bezala, Ahobizi eta Belarriprest rolak izango dituzte aukeran partehartzaileek. Horiek aukeratzeko garaian, kontuan hartu behar da konpromezua hartzen ari garela, «rolak ez baitira gaitasunarekin lotu behar, konpromezuarekin baizik». Hori horrela, Ahobizi rola aukeratzen dutenek, konpromezua hartuko dute euskeraz egiteko, euskeraz ulertzen duten guztiekin; eta, gainera, beti egingo dute aurreneko hitza euskeraz. Belarriprestek, berriz, nahi eta ahal dutenean egingo dute euskeraz, baina beti gonbidatuko dituzte solaskideak beraiei euskeraz egitera.

Aurten, gainera, 'Euskaraldia-Hika' egitasmoan parte hartzeko aukera ere izango dute astigartarrek, goizuetarrek eta hernaniarrek, herri batzarretan hala erabaki baitute hiru herrietan. Hikaz ere aritzeko izena ematen dutenei, hikaren 'H' hizkia gehituko diete Ahobizi edo Belarriprest txapan, eta hitanoa praktikatzeko baliabideak eskainiko dizkiete.

 

Izena emateko aukera, 'euskaraldia.eus' webgunean

Ohiko bideak izango dira aukeran, Euskaraldian izena emateko. Batetik, euskaraldia.eus a bitartez egin dezakete herri guztietakoek. Eta bestetik, aurrerago, kalean ere jarriko dituzte postuak, izena eman ahal izateko. Txapak, bestalde, apirilaren bukaera aldera izango dira eskuragarri. Hernanin, gainera, Euskaraldia auzoetara zabaldu nahi izan dute, eta horri esker, auzoetan ere izango da izena eman eta txapa jasotzeko aukera.

Euskaraldiaren inguruko zalantzak argitzeko, honako bideak jarri dituzte aukeran: Hernanin, dobera@dobera.eus helbidea, 662 406 692 whatsappa eta 943 33 27 99 telefonoa; eta Astigarragan, astigarraga@euskaraldia.eus hel­bidea eta 747 476 071 telefonoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!