Gaur iluntzean jokatuko dute Leitzan Mingaiñe Saltsan sariketako hirugarren edizioaren finala, eta Paulo Txikiya bertso eskolako bi kidek abestuko dute bertan: Eli Pagola ereñotzuarrak eta Andoni Rekondo hernaniarrak.
21:30etan hasiko da saioa, eta bailarako biez gain, ondorengo bertsolariak arituko dira kantuan: Jon Maia, Oihana Iguaran, Maider Arregi eta Unai Mendizabal. Sariketa izan arren, izaera berezia du Mingañe Saltsanek; mahaiaren bueltan abestuko dute bertsolariek, eta ohi baino ariketa jolastiagoak osatu beharko dituzte. Besteak beste, neurri libreko ofizioak, puntukako saioak eta taldekako ariketak.
Finala osatzeko hiru kanporaketa izan dira aurretik. Horietako bat, guztietan lehenengoa, Aranoko ostatuan izan zen. Festa giro ederra sortu zen afalosteko saioan, eta goraino bete zen taberna.
Finalak ere arrakasta haundia izan du Leitzan. Dagoeneko agortuta daude sarrera guztiak. Hortaz, beteta egongo da Torrea taberna.
Laburu, azken garailea
Mingañe Saltsan sariketak ahozapore ona utzi zuen Hernaniko Bertso Eskolan orain dela bi urte. Izan ere, Agin Laburu astigartarra izan zen azkeneko edizioko garailea. Saio ederra osatu zuen Laburuk orduko hartan.