Enaitz Goñi, Euskal Herriko historiako rankingean zazpigarren

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 12a, 00:00

200 metro estilo librean 1:49.13ko denbora egin du eta Mañel Aizpurua hernaniarraren Euskadiko errekorretik 1.49 segundura geratu da.

 

Pasa den astean Enaitz Goñi igerilari hernaniarrak emaitza bikainak lortu ditu Espainiako Udaberriko Open Txapelketan eta Gipuzkoako Neguko Ligako jardunaldian. Azken konpetizio honetan, Oñatin, 200 metro estilo libreko proban hartu zuen parte eta Euskal Herriko historiako zazpigarren gizonik azkarrena izatera igo da rankingean. 1:49.13ko denbora egin zuen 200 metro horietan eta Mañel Aizpurua hernaniar herrikidearen Euskadiko errekorretik segundu eta 49 ehunenekoetara geratu zen. Aizpuruak 2009garren urtean lortu zuen gaur egunean oraindik indarrean dagoen Euskadiko errekorra, 1:47.64ko denborarekin. 

Ordutik beste bost igerilarik lortu dute 1:49ko langa apurtzea: Markel Alberdi eibartar olinpikoak (1:47.66), Oskitz Aguilar irundarrak (1:47.97), Haritz Elizalde iruindarrak (1:48.52), Aritz Aguilar irundarrak (1:48.80) eta Yeray Lebon irundarrak (1:48.97).

Goñik Espainiako Txapelketarako sasoia baliatu zuen aurreko larunbatean denbora hori egiteko. Gainera, datozen Espainiako Txapelketetarako gutxiengo denbora lortu zuen. Udaberriko Open Txapelketa Sabadellen jokatu zen, 50 metroko igerilekuan eta, pasa den asteazkenean, Enaitz Goñik 400 metro estilo librean parte hartu zuen. 4:07.69ko denboran geratu zuen erlojua eta 32garren amaitu zuen bere markarik onenarekin.

Oñatiko konpetizioa hortik hiru egunetara izan zen, eta 25 metroko igerilekuan lortu zuen Euskal Autonomi Erkidegoko igerilari batek azken sei urtean egin duen markarik onena. Neguko txapelketak amaituta maiatzean eta batez ere ekainean izango dira denboraldi amaierako txapelketa garrantzitsuenak. Horri begira jarriko da Goñi.

 

Hernani K.E.ko igerilariak Ordizian aritu ziren

Neguko Ligako laugarren jardunaldian ere parte hartu zuten Hernani K.E.ko igerilariek. Hamar igerilaritik gora Ordizian aritu ziren. Uxue Santxok 200 metro estilo librean denborarik onena egin zuen 2:31.17rekin. Ehuneneko gutxira sailkatu zen hirugarren Lur Elkoro. Proba berean, mutiletan, Jurdan Zalduak hirugarren amaitu zuen 2:10.56ko denborarekin.

 

Luis Goñi, Masterretan garaile

Masterrek ere izan zuten txapelketa asteburuan. Iruñeako C.D. Amayako 50eko igerilekuan sariketa jokatu zen eta Luis, Iñigo eta Arkaitz Goñi igerilari hernaniarrek hartu zuten parte 1.500 metroko proban. Luisek garaipena lortu zuen 50-54 mailan 18:34ko denborarekin. Iñigo Goñi hirugarren izan zen 45-49 urte artean (20:14) eta maila berean Arkaitz, seigarren (22:18).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!