Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrats gune berria zabaldu du, indarkeria matxistaren biktimei zuzendutako arreta zerbitzua. Zentro honek aurrekoa ordezkatzen du, bere gaitasuna haundituz eta pausu garrantzitsua emanez indarkeria matxista jasaten duten emakumeak artatzerako orduan, batez ere, honek urgentzia eta bizkortasuna eskatzen duenean. Baliabide berriak 24 plaza ditu, aurrekoak baino 5 gehiago. Proiektu honetan 2.377.899 euroko inbertsioa egin da, eta horietatik 1.910.447 euro Europako Funtsetatik datoz.
Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailak 11 baliabide ditu indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei eta haien seme-alabei laguntzeko, hauek ere biktimak baitira. Sare horretan sartzen dira arreta psikosoziala, sozioedukatiboa, sozio-juridikoa eta terapeutikoa emateko programak, berehalako arreta, egonaldi ertainak eta autonomiara bideratutako egonaldiak, 81 plaza guztira. Gainera, Hariberria baliabidea ere ireki berri du Aldundiak, sexu-indarkeriari arreta integrala emateko foru-zerbitzua; kasu honetan biktimak ez dira bertan bizi.
Arreta-sare honek Udalen baliabide eta zerbitzuekin, eta gizarte-babeseko beste sistema batzuekin koordinatuta jarduten du, hala nola, osasunarekin, hezkuntzarekin eta justiziarekin.
Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak Urrats berria bisitatu zuten astelehenean. Bertan, egoitzako arduradunekin, indarkeria matxistaren biktimekin egunero lan egiten duten profesionalekin eta gaur egun zerbitzuaren erabiltzaile diren emakumeekin elkartu dira. Gainera, instalazioak bisitatu dituzte, bertako funtzionamendua eta ezarritako hobekuntzak bertatik bertara ezagutzeko helburuarekin.
Mendozak gogorarazi zuenez, Gipuzkoako gizarte babeseko sare osoa «zaintza eredu berrirantz» eraldatzen ari da, erabiltzaileei arreta «are eta pertsonalizatuagoa» eskainiz. «Urrats gunean egindako berrikuntzak ere norabide horretan aurrera pausoak ematea ekarri du. Erabiltzaileen beraien proposamenak kontuan izanda egin dira berrikuntzak, bizi duten egoera gogor horretan, eurek eta beren seme-alabek, jaso dezaten arreta pertsonalizatua, goxotasuna eta babesa. Hemen egoten diren tarte horretan indarberritu daitezen, jaso dezaten behar duten laguntza eta babesa, aurrera begira indarkeria matxistaren espiraletik irtetzeko urrats berriak eman ahal izateko. Beti ere, euren pribatutasuna, integritatea eta ongizatea bermatuz», azaldu zuen.
Diputatu nagusiak Aldundiaren «konpromiso erabatekoa» berretsi zuen biolentzia matxistaren biktimei «arreta integrala» eskaintzeko garaian eta helburu horrekin sortutako baliabideak indartu egin direla baieztatu zuen. «Emakumeen aurkako indarkeria da desberdintasunaren adierazpenetan gordinena eta gogorrena», nabarmendu zuen eta, horregatik, funtsezkoa da biktimek «gizarte osoaren elkartasuna eta babesa» jasotzea. Elkartasun horretatik abiatuz, diputatu nagusiak azpimarratu zuen egoera horretan aurkitzen diren emakumeak «ez daudela bakarrik» eta laguntza eskatzeko pausua ematen badute beren eskura izango dituztela Urrats bezalako baliabideak, «lasai eta seguru sentitzeko lekuak» eta «babes eta akonpainamendu sare oso indartsu bat».
Emakume biktimekin batera diseinatua
Obra berri honek erabiltzaileen parte-hartze aktiboa izan du bai diseinuan, bai funtzionalitatean. Hala, zentro berria profesionalen esperientziatik eta erabiltzaileen ahotsetik eraiki da, errealitate berriei erantzun berriak emateko helburuarekin. Izan ere, egun, emakume asko ez dira bakarrik iristen: badira seme-alabekin iristen direnak, eta baita haurdun daudenak ere. Zentroaren egungo edukierak modu pertsonalizatuagoan artatzeko aukera ematen du.
Zentroari berari dagokionez, lehenengo solairuan bilera-gelak eta lehen harretarako espazioa daude, jarduera fisikorako gune bat eta zentroko bulegoak. Gainera, espazio berritzaile bat ere kokatu da bertan, baliabidean izan diren emakumeen eta iritsi berri direnen arteko topagune eta elkartrukerako leku izatea helburu duena, objektu erabilgarriak partekatzeko espazio solidario gisa funtzionatuko duena.
Bigarren solairuan zerbitzuaren espazio nagusia dago, eta kasu honetan, bereizi egiten dira jantokia, eta atsedenerako eta sozializaziorako espazioak, seme-alabak dituzten emakumeek eta zentroan banaka daudenek gune propioa izan dezaten. Solairu berean daude, baita ere, logelak, emakumeek dituzten beharrizanak asetzeko diseinatu direnak. Apartamentu txiki formatuan, espazioak ingurune segurua eta erosoa eskaintzeko diseinatu dira. Logela horiek bakarrik dauden emakumeei nahiz seme-alabekin iristen direnei ostatu eman diezaiekete, eta sofa, oheak, sehaskak eta bainugela pribatua dute, kasu bakoitzaren beharretara egokituta.
Era berean, solairu honetan laguntza indibidualizatua eta terapeutikoa emateko eremu espezifikoak prestatu dira, modu isolatuan kokatuta, une horietan emakume bakoitzaren intimitatea eta pribatutasuna bermatzeko.
2024an, Urratsek indarkeria matxistaren biktima izan ziren 89 emakume, haur eta nerabe artatu zituen.