Karena taldeak irabazi du, 29 talderen artean, Herri Urratseko bigarren maketa lehiaketa

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 12a, 00:00

Karena taldean bi hernaniar eta ereñotzuar bat daude.

Nafarroa Badok gunean beraien musikarekin gozatzeko aukera izango da, maiatzaren 11n Herri Urratsen, hori baita lehiaketa honetako saria. 29 taldek hartu dute parte eta biren arteko berdinketa boto popularrak erabaki zuen.

 

Irati Jauregi eta Xabi Elizegi hernaniarrek, Beñat Kamio ereñotzuarrak, Andoni Zabalo eta Irati Gardoki antzuolarrekin batera Karena musika taldea osatzen dute eta Herri Urratsek antolatutako maketa lehiaketaren bigarren edizioa irabazi berri du.
29 talde aurkeztu ziren guztira Herri Urratsek Badokekin elkarlanean antolatzen duen maketa lehiaketara. Epaimahaikoek beraien lana egin ostean sei talde pasatu ziren bigarren fasera: Kuma no motor, Malko, Hartzak Zeruan, Diraki, Lurharts eta irabazle suertatu zen Karena taldea.

Bigarren fase honetan epaimahaikideek emandako botoak kontutan hartuta bi taderen arteko berdinketa zegoen, eta boto popularra edo entzuleena izan zen, Badok plataforma bidez emandako botoekin, irabazlea aukeratu zuena. 

Boskotearen folk eta pop doinuek entzuleen artean eragin haundia izan zuten lakuaren ondoan dagoen Nafarroa-Badok eszenatokira igotzera eramango dituen saria eskuratzeko. Karena taldeak maiatzaren 11n Iparraldeko euskeraren jaian, Senperen, kontzertua emateko saria eskuratu du.

Karena taldea, 2022an sortutako elkar ezagutza baten emaitza da. Bost kidez osatutako taldea da; Hernaniko Irati Jauregi eta Beñat Elizegi, Ereñotzuko Beñat Kamio eta Antzuolako Irati Gardoki eta Andoni Zabalo.

Loak irauteko diskoa kaleratu zuten 2024an eta kontzertuetan eskaintzen dena giro goxo zein mugitua da. 

Diskoa zazpi kantuk osatzen dute, euskal kantuen bertsioekin nahasten diren kontzertu berezi bat sortzeko. Erabiltzen dituzten instrumentuak honakoak dira: gitarra, baxua, akordeoia, teklatua, bateria eta saxofoia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!