Atzo hasi zen Errigoraren bigarren kanpaina, Eskutik Eskura, eta hilaren 26ra arte izango da aukera oliba-oliobirjina estra, ardoak eta arroz, pasta, lekale eta kontserba-sortak eskatzeko, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskeraz etiketatuta. Eskaerak on-line jasoko dira errigora.eus webgunean.
Hernaniko AEK etzi, ostegunean, izango da azokan, goizeko 11:00etatik 13:00etara dastaketa-postu batekin. Herritarrek aukera izango dute produktuak dastatzeko, bertatik bertara ikusteko eta ekimenaren berri izateko.
Eskutik Eskura Errigoraren bi kanpaina nagusietako bat da, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko baratzeko produktuak Euskal Herriko plazara ekarri nahi dituena. Udazkenean izaten da bat eta negua amaitzearekin batera izaten da bigarrena. Guztia auzolanean egiten dute, 200 bat herritan urtez urte lanean ari diren boluntario nekaezinen lanari esker.