Hil ala biziko partidua zeukaten Iker Salaberriak eta Andoni Gaskuek, promozioko Binakako Txapelketan; eta ondo libratu zuten aurrenekoa: 22-15 menderatu zituzten Zubizarreta III eta Morgaetxebarria, eta bizi-bizirik iritsiko dira semifinaletako ligaxkaren azkeneko jardunaldira.
Mallabian jokatu zuten, ostiralean, ligaxkako bigarrena; eta gogotik egin behar izan zuten lan. Oso berdinduta izan ziren bi bikoteak, partiduaren erdialde pasatxora bitarte. Bi tantoren aldea lortu zuten Salaberriak eta Gaskuek tarteka, baina ihes egiterik ez zuten izan. 13-12koaren ondoren, ordea, partidua hautsi zuten, sei tanto segidan eginda (19-12); eta garaipen garrantzitsua eskuratu zuten horrela.
Orain, garaipen banarekin berdinduta daude Salaberria-Gaskue eta Egiguren V-Bikuña bikoteak, eta bi garaipenekin daude Senar eta Eskiroz. Ostiral honetan bukatuko dute ligaxka, Idiazabalen; eta Senarren eta Eskirozen kontra ariko dira Salaberria eta Gaskue. Garaipena behar dute derrigor, eta 17 tantoan edo gutxiagoan utzi behar dituzte kontrarioak, pasea ziurtatzeko.
Jarak txapela trinketekoan, baina Gurutzealdek ezin
Trinketean, bestalde, Gipuzkoako Banakako Txapelketaren finalak jokatu zituzten larunbatean, Iruran. Nagusien lehenengo mailan, ezin izan zuen txapela ekarri Oier Gurutzealde astigartarrak, eta 29-40 galdu zuen Epleko Tabernaren kontra.
Bigarren mailan, aldiz, txapeldun izan zen Jon Jara hernaniarra. Pronostikoak bete, eta 40-31 menderatu zuen Epleko Sorondo.