Gogorra bezain ikusgarria izan zen Euskal Herriko Irekiko finala, lehenengo mailan, Mallabian. Eta azkenean, Enara Macicior hernaniarrak eta Irati Alava gasteiztarrak jantzi zituzten txapelak, 30-26 nagusituta Ane Kerejeta hernaniarrari eta Nahia Eizmendi aiarrari.
Partidu osoaren erakusgarri izan zen, neurri batean, azkeneko tantoa: minutu eta erdiz aritu ziren jo eta su, aurrena bikote batek agindu eta gero besteak, eta Maciciorrek bukatu zuen tantoa, pelota txaparen gain-gainera jaitsita.
Hernaniarrak asko arriskatu zuen partidu osoan zehar, eta oso fin aritu zen errematean. Denera 16 tanto egin zituen, horietatik zortzi bi paretaz, eskuinez zein ezkerrez. Oso dotoreak izan ziren asko.
Jokoan sartzeko zailtasunak izan zituen partiduaren hasieran, bera saihesten ahalegindu baitziren Kerejeta eta Eizmendi, atzean Alavari lana emanda. Ondo eutsi zion gasteiztarrak, ordea, eta Maciciorrek jokoan sartzeko aukera izan zuenean, min egin zuen, atzera indartsu jota edota aurrean arriskatuta.
Oso berdinduta izan ziren bi bikoteak, partiduaren erdialdera arte (15-15). Orain bata eta gero bestea izan ziren aurretik markagailuan, baina apenas tanto bat edo biren aldearekin. Bigarren zatiari ekitean, ordea, lau tanto segidan egin zituzten Maciciorrek eta Alavak, eta abantaila hori baliatu zuten partiduaren bukaerara arte. Bi tantora gerturatu ziren urdinak, 23-18 egin zuten ihes gorriek, eta berriro hurbildu ziren bi tantora Kerejeta eta Eizmendi (26-24). Baina azkeneko tantoetan, errematean oso fin aritu zen Macicior, lau tanto bukatuta.
Ia ordu eta erdiko iraupena izan zuen finalak, eta 1.236 pelotakada jo zituzten lauen artean. Alavak (362 pelotakada) eta Kerejetak (344) izan zuten lan gehien, baina majo izerditu zuten Maciciorrek (258) eta Eizmendik (272) ere. Lau tanto eginda bukatu zuen Kerejetak, bi pareta ederren bat tartean; eta hiru huts bakarrik egin zituen. Oso sendo aritu zen Alava ere, tanto bat egin eta bi galduta. Aurrelariek izan zuten protagonismo gehien estatistika horietan, arriskatuta: Maciciorrek 16 tanto egin eta 10 huts pilatu zituen, eta Eizmendik 10 tanto egin eta beste horrenbeste galdu.
Finalerako txartelak ihes, Agirreri eta Zubiarraini
Udaberri Txapelketan, azken-azkenean egin zien ihes finalerako txartelak, Alain Agirre hernaniarrari eta Beñat Zubiarrain astigartarrari. Mundarroko bikoteak lehenengo mailako semifinala jokatu zuen Donostian, Loiolatarrako Ubedaren eta Zabalaren kontra; eta 25-24 galdu zuen.
Gipuzkoako Banakako Txapelketan, gainera, porrotarekin ekin diote Ganix Urdangarinek eta (23-25) eta Endika Ramosek (10-25), Loiolatarrako Aroztegiren eta Oteizako Epelderen kontra, hurrenez hurren.