Garaipena lortu dute asteburuan Euskal Ligako neskek eta Mundarrok, eta galdu egin dute Hernaniko mutilek

Kronika - Erredakzioa 2025ko mar. 11a, 00:00

Saiatu arren, Hernanik ez zuen berdintzea lortu.

Zubipen eten da Hernaniko Ohorezko Erregional mailako mutilen bolada ona. Euskal Ligako neskek hiru puntu baliotsu lortu zituzten Eibarren aurka, eta Zarkumendegin gol bakarrarekin irabazi zuen Mundarrok.

 

Askotariko emaitzak izan dituzte asteburuan bailarako futbol talde nagusiek. Alde ona Euskal Ligako neskek eta Mundarrok jarri dute, hiru puntuak nagusitasunez eskuratuta. Alde txarra, berriz, Hernaniko Ohorezko Erregional mailako mutilei egokitu zaie, Zubipen eten baita taldearen bolada ona. 

 

Eibar 0-2 Hernani

Irteera zaila zen Euskal Ligako nesken taldearentzat, baina berdeek ez zuten hutsik egin. Eibar boteretsuaren zelaian jokatu zuen Hernanik, sailkapeneko laugarren postuan daude eibartarrak, baina garaipena lortu zuen Paula Soroetaren eta Ane Roscoren golei esker. Oso norgehiagoka berdindua izan zen, eta bigarren zatian iritsi ziren Hernaniren bi golak; 73 eta 89 minutuetan, hain zuzen. 

Hiru garaipen kateatu ditu dagoeneko Hernanik, eta asteburu honetan Elorrioren aurka jokatuko du Zubipen. Elorrio sailkapeneko bigarren postuan dago une honetan.

 

Hernani 0-1 Vasconia

Gogotik saiatu arren, saririk gabe geratu zen Ohorezko Erregional mailako mutilen taldea. Lau partidu zeramatzan taldeak porrotik jaso gabe, sailkapeneko beheko postuetatik urruntzen hasia zen, baina larunbatean bukatu zen bolada ona. 46. minutuan sartu zuen gola Vasconiak, eta Hernanik ezin izan zuen ondorengo minutuetan markagailua irauli. 

Azken jardunaldietako garaipenekin egoera zerbait hobetu den arren, puntuen premia haundia du Hernanik. Asteburu honetan aurkari zuzen baten aurka jokatuko du; Deustoren kontra arituko dira berdeak. 

 

Mundarro 1-0 Euskalduna

Igande arratsalde zoriontsua izan zen Mundarroko jokalarientzat. Aurreko jardunaldietako bi berdinketei jarraipen ezin hobea eman zien talde astigartarrak. Julen Godoyek sartu zuen partiduko gol bakarra 27. minutuan, eta hortik aurrera aldeari ondo eutsi zioten moreek. 

Sailkapenaren erdialdean egonkortuta dago Mundarro; 11. sailkatua da, 26 punturekin. Helburua betetzeko ez zaio asko geratzen taldeari, baina Orioko aurkari gogorraren zelaian jokatu beharko du asteburuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!